Maite UBIRIA

Behi esne biologikoa saltzeko zirkuitua plantan ezarriko dute

Bilketa eta merkaturatze sare faltari aurre egiteko, salmenta zirkuitu bat sortuko dute Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko dozena bat ekoizlek. Erakundeen babesarekin, heldu den urtean sortuko duten egitasmoa aurkeztu dute.

Errobiko Ibarraren Sindikatuak trantsizio ekologikoa egiteko asmoa duten laborarien formakuntza diruz laguntzeko engaiamendua hartu du.
Errobiko Ibarraren Sindikatuak trantsizio ekologikoa egiteko asmoa duten laborarien formakuntza diruz laguntzeko engaiamendua hartu du.

Esne biologikoaren ekoizleak biltzen dituen Biolait kooperatibako administratzaile den Agniechka Marrietaz, Ipar Euskal Herriko Esne Kooperatibako (CLPB ) buru Jean Mollon, Biocoopeko ordezkari Frank Bardet eta Jean-Mixel Galant, Errobiko Ibarraren Sindikatuko lehendakaria, izan ziren azken erakunde honek Angelun duen bulegoan eginiko aurkezpenean, Garako artikuluak azaldu duenez.

Bertan iragarri zutenez, 2018ko azaroaren aitzin plantan eman nahi dute Ipar Euskal Herria mailan behi esne biologikoa saltzeko zirkuitua.

Gaur egun, ekoizleek zailtasun anitz dituzte bere produktua balorean ezartzeko kontsumitzaileen aitzinean. Hori da Vincent Etchebarneren kasua, behi esne biologikoa ekoizten du eta CLPBren esku uzten du egun bere ekoizpena. Zirkuitu propiorik ez dagoenez, esne mota hori gainerako esnearekin batera biltzen dute. Ondorioz, erosleek nekez atzeman dezakete behi esne biologiko horren aztarnarik saltokietan.

Behi esne biologikoaren bilketa berezitua bermatzea ezinbestekoa da, beraz, hiru lurraldeetan ekoizpen mota hori zabaltzeko. "Gaur egun hamabiko bat ekoizle baizik ez gara, eta normala da, salmenta sarerik ez bada, ekoizleek ez dute trantsizioa egiteko arriskua hartuko", azaldu du Etchebarnek.

Etchebarneren hautua

Donazaharreko laborariak 2010ean egin zuen ekoizpen biologikoari ekiteko hautua. Gogoratu duenez, "2009an, esnearen krisia gertatu zenean, agerian geratu zen nazioartean Zeelanda Berriak prezioen norgehiagoka irabazi zuela eta horrek, Frantzia mailan, 30 urte atzerago ziren prezioak onartzera eramaten gintuela, beraz niretzat argi zegoen nire mozkina balorean emateko hautu biologikoa egin behar nuela".

Hala eta guztiz ere, ibilbidea ez dela erraza izan aitortu du. Ekoizpen biologikoak aldaketa handiak eskatzen ditu etxaldeetan eta, zirkuitu azkar bat izan ezean, azkenik bere ekoizpena behi esne arruntak egiten duen prezio apalean saltzera behartuta dago esnegilea. Hala eta guztiz ere, donazahartarra ez da damu. Azaldu duenez, "urteroko litro kopuru erdia ekoizten dut, eta denboraren poderioz nire diru sarrerak emendatu ditut".

Hastapenean inbertsioak nagusitu baziren ere, egun produkzioaren kostuak arras tipitu zaizkio. Behiak zelaian direnez, ez du bazka kanpoan erosi behar. Esnea jezteko sistemari esker, bestalde, albaitariaren faktura dezente murriztea lortu du.

Dirua eta bereziki bizi kalitatea irabazi dituela nabarmendu du baxenabartarrak. Merkaturatze sarea sortzea lagungarria delakoan, mezu argi batekin amaitu du bere hitzaldia. "Hazi eta hazi ari den erosleen eskaerari erantzuteko, behi-esne ekoizleen esku dago egun sare biologiko azkarra sortzea Iparraldean".