Kazeta

3.863 herritar Euskal Herriko hiru lurralde administratiboen artean dabiltza

ZENBAKITAN- Etxebizitzaren prezioaren ezberdintasuna euroeskualdeko langileen mugikortasuna ulertzeko giltza da. Gehienak Lapurdin bizi eta Gipuzkoan lan egiten duten Hego Euskal Herriko herritarrak dira.

Ficoban antolatutako agerraldia. ©Euroeskualdea
Ficoban antolatutako agerraldia. ©Euroeskualdea

"Empleo" egitasmoaren baitan lorturiko datuak plazaratu zituen euroeskualdeak abenduaren 15ean Ficoban antolatu zuen agerraldian. Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroak osatzen duten eremuan lan egiteko xedez, 3.863 lagunek muga gainditzen dute egunero.

Gehienak Lapurdiko herrietan bizi eta Gipuzkoan lan egiten duten herritarrak dira. Higiezin merkatua funtsezkoa da Hego Euskal Herriko langileak Ipar Euskal Herrira lekualdatzeko. Hain zuzen ere, bada hamarkada bat, Estatu frantsesean metro karratua Estatu espainiarrean baino merkeagoa zen. Hori dela eta, askok Lapurdin etxebizitza erosi eta Gipuzkoan zuten lana mantentzea erabaki zuten. Haatik, gaur egun, etxebizitzaren prezioa garrantzizko faktorea ez dela aipatu dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Langileen fluxurik handiena Ipar Euskal Herritik Hegoaldera agertzen da: 3.212 langile. Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira doazen langileen kopurua, ordea, apalagoa da: 651 langile. Horietariko 390 Euskaditik doaz Akitania Berrira eta 261 Nafarroatik. "Era berean, esan daiteke datu horiek ikusita ez dagoela mugaz haraindiko enplegu-arrorik, fluxu gehientsuenak hegoaldekoak izan eta lana hegoaldean duten langileena baita", azaldu dute agiri baten bidez.

"Empleo" deituriko proiektuaren helburua hiru eskualdeen arteko harremana erraztea da. "Oztopo fisiko, fiskalak, hizkuntza, eta errealitatearen ezezagutzari" aterabideak bilatu nahi dizkie. Ekintza horrek hiru jardun hartzen ditu barnean: lehenik eta behin, gaur esku artean dugun diagnostikoa egitea; ondoren, enplegu-zerbitzu publikoen arteko lankidetza bideratuko da; eta azkenik, mugaz haraindiko jardunbideen, hizkuntza-trebakuntzaren eta beste ekintza osagarri batzuen sustapena landuko da".