Barkoxeko ahate hazlea bigarren aldiz galdezkatu dute jendarmeek

Hegazti grippeari aurre egiteko ahateak hiltzea ukatu zuen Cathy Chabalgoityk joan den udaberrian eta abenduaren 15 honetan gertakari horietaz galdezkatzeko jendarmeriara deitu du Paueko prokuradoreak.

KAZETA|2017/12/15 17:31
Guz_canards_mauleon
Laborari, hautetsi eta kontsumitzaile, 300 pertsona baino gehiago bildu dira Mauleko jendarmeriaren aitzinean Cathy Chabalgoityren sustenguz. © Bob EDME

Arratsaldea hezea izan da Maulen ostiral honetan. Aterkien azpian babesturik, 300 pertsona baino gehiago bildu dira Cathy Chabalgoity ahate hazlearen galdezketa salatzeko. Paueko prokuradoreak jendarmeriara deitua zuen, ikerleen galderei erantzuteko, urte hasieran ez baitzuen, hegazti gripea zela eta, ahateak hiltzeko agindua bete. Arratsalde hasieran sartu da, Anne-Marie Mendiboure haren abokatuak lagundurik eta hiru ordu eta erdi berantago atera da.

Barkoxekoa ez zen izan Estatuko zerbitzuen eskaera ukatu zuen hazle bakarra, Gabadiko eta Domintxineko beste batzuek ere hala erabaki baitzuten, sanoak zirela argudiatuz. Beste bi hazleen dosierrak Baionako prokuradorearen esku dira. Haatik, bigarren aldia da Barkoxeko Ühartia etxaldeko laboraria jendarmeriara joateko agindua errezebitu duela eta ELB laborari sindikatuak Paueko prokuradorearen tematzea gaitzetsi du.

Mauleko jendarmeriaren aitzinean elgarretaratu diren pertsonek ere, izan laborari, kontsumitzaile nahiz hautetsi, autarkian bizi ziren ahate hazleen auzia deitoratu dute. Tartean dira Atharratzeko eta Mauleko auzapezak. Azken horrek, Euskal Elkargoko exekutiboak boz batez hazleei atxikimendua adierazi zuela erran du. Gainera, EH Bai mugimendu politikoak elgarretaratzean parte hartzeko deia zabaldu zuen.

"Auzibidea urrunago joaten baldin bada, akusatu izatetik akusatzaile izatera iraganen gara", abisatu du Panpi Sainte-Marie ELBko bozeramaileak. Departamenduko herritarren babeserako zerbitzuen "kudeaketa salagarriaren" auzia eginen dutela erran du. Ahate sanoak hiltzea agindu zutela eta, diru laguntzen beranta medio, etxalde batzuetan gaitzeko ondorioak eragin dituela salatuko dute. Arazo horren muina, hazkuntza eredu industriala dela uste du Sainte-Mariek, hegazti gripearekin bizitzen jakin behar dela pentsatzen du.