Kazeta

Tren gidariak greban izanen dira abenduaren 15ean

Biltzar nagusian eztabaidatu ondoren, abenduaren 15erako grebara deitzea erabaki dute Baiona-Hendaia arteko tren gidariek. SNCF enpresak aurreikusi dituen sei lan posturen murrizketa deitoratuko dute, beste behin, protestaren bitartez.

Protestak azaroaren 26an abiatu zituzten tren gidariek.
Protestak azaroaren 26an abiatu zituzten tren gidariek.

SNCFek ez du bere iritzia aldatu nahi. Azaroaren 26az geroztik mobilizazioak burutzen dituzte Hendaia-Baiona arteko tren gidariek. Enpresak aurreikusi duen lan postuen plangintza berria deitoratu nahi dute langileek. Hain zuzen ere, sei lan postu murriztea aurreikusi du.

Orain arte negoziazioek ez dute emaitzarik ekarri. Iragan abenduaren 15ean antolatu zuten biltzar nagusian ostiralerako greba mugimendua antolatzearen alde bozkatu zuten, aho batez. Elkar aditze bat lortzeko abenduaren 13an Bordelen bilkura bat galdegin zuten tren gidariek.

"Proposamen zehatzak eginen dizkiogu zuzendaritzari", baieztatu du Julien Delionek. Tren gidariek kalkuluak egin dituzte. Hau da, egunero pixka bat gehiago lan egitearen alde agertu dira. Haatik, 2018ko ordutegi plangintza ezingo da bete bi lan postu baino gehiago murrizten baditu enpresak.

Zuzendaritzak baikorki erantzuten ez badu, protestekin segituko dutela iragarri dute tren gidariek. "Mobilizazioak antolatuko ditugu astero eta data ezberdinetan", erantsi du Julien Delion CGTko tren gidarien idazkariak.