Fleury-Merogisetik Fresnesera doa espetxeetako bira

Fresnesera bidean da atzotik Paris inguruak zeharkatzen ari den espetxeetako martxa. Arratsalderako espero du antolakuntzak gaurko helmugara heltzea. Bitartean, bidean, bakegileen deialdiaren berri ematen ari dira eskuorriak banatuz.

@iontelleria|2017/12/08 11:18|0 iruzkin

Laino artetik eguzkia nagusitu da gaur martxaren lehen minutuetan. Ez da atzoko hotzik eta ibiltariek eskertu dute, 9.00ak pasatxo ekin dio espetxeetako martxak berriz ere bideari Fleury-Merogis espetxetik. Frantziako Estatuko espetxerik handiena eta bigarren handiena lotuko ditu hartara martxak, Naiz atariak berri eman duenez. Lehenean hiru euskal preso dira orain; Joseba Iturbide, Iñaki Reta eta Izaskun Lesaka; Fresnesen Xabier Goienetxea eta Arkaitz Agirregabiria.

Arratsaldeko lehen ordurako espero du antolakuntzak Fresneseko espetxera iristea. Martxa pedagogiarako eta informaziorako tresna ari da izaten, hiruzpalau laguneko talde bat baitoa buruan bakegileen deialdiaren berri dakarren eskuorria banatzen. Harriduraz eta "zer da hau?" galderarekin hartzen du askok. Etenik gabe ikurrina bat doa buruko pankartarekin bat, aldarria nongoa den behintzat lehen kolpean ezagutarazteko.

Bozgorailuetatik, Parisko deialdiaren berri frantsesez: "jarraitu behar dugu bakearen bidean", aldarri, Frantziako Estatuan 63 euskal preso daudela eta hauek senideengandik ehunka kilometrora urrunduak direla, baita larriki gaixo direnen askatasun eskea ere. Biharko manifestazioan ikuspegi politiko orotako jendea izango denaren berri ere bai.

Aurrez hexagonoko 20 espetxe igaro dituen espetxe biraren lekukoa hartu du Paris inguruko martxa honek. 4.000 km eta 24 egun izan dira Mont-de-Marsaneko espetxea eta Fresnes lotu ahal izateko; EPPK-k gerturatze bidean finkatu duen helmuga lehena, aurten 119 urte bete dituen espetxe zaharra azkena.

Fresnes-Place du 18 juin 1940

Azken etapa milaka euskal herritar ia Parisera iristen ari diren unean egingo du martxak. 8.30ean eman dute hitzordua Fresnesen eta eguerdian egingo zaio ongi etorria martxari Place du 18 juin 1940 plazan. Montparnasseko geltokitik bertan da, hara iritsiko dira Euskal Herritik datozen trenak eta autobusak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK