Kazeta

1.000 hautetsi baino gehiago euskal presoen egoera aldatzearen alde

Auzapezen Biltzarreko lehendakaria den Lucien Betbederrek iragarri duenez, 1.000 hautetsi baino gehiagok euskal presoen egoeran aldaketak ematearen aldeko mozioa izenpetu dute. Vincent Bru diputatuaren erranetan, Gobernu frantsesak ez du ETAren disolbatzea baldintzatzat jartzen euskal presoen egoera moldatzeko.

Mozioa izenpetu duten hautetsiek bat egin dute hilaren 9an Parisera gerturatzeko deiarekin. ©Bob EDME
Mozioa izenpetu duten hautetsiek bat egin dute hilaren 9an Parisera gerturatzeko deiarekin. ©Bob EDME

Agerraldi jendetsua egin zuten abenduaren 2an Baionan. Bake Bidea, Auzapezen Biltzarra eta erakunde ezberdinetako ordezkariak elkarrekin agertu ziren abenduaren 9an Parisen burutuko den mobilizazioan parte hartzera dei egiteko, Naiz atariak azaldu duenez.

Euskal Elkargoaren lehendakari lanetan diharduen Jean-Rene Etchegarayk adierazi zuen ETAren armagabetze zibil eta egiaztatua ez zela ahanzturarako keinu bat izan, "adiskidetzearen aldekoa baizik". Gaineratu zuen orain presoen egoeran egin behar direla aurrera urratsak: "Ez dago ezer irabazita. Izan gaitezen jendetza Parisen, bake garaiak ezin baitu gehiago itxaron".

Zentzu horretan, euskal preso guztiei zuzenbide komuna aplikatzea eskatu zuen. Bide horretan kokatu du zazpi presoren estatusean eman diren aldaketak, baina hauek "gutxi" direla azpimarratu zuen: "Gehiago behar dira".

Lekorneko auzapeza eta Auzapezen Biltzarreko lehendakaria da Lucien Betbeder. Aditzera eman zuenez, 1.007 dira irailaren 23an aho batez Euskal Elkargoak presoen auzia konpontzearen alde bozkatu mozioa sinatu dutenak. Sinadura hauek guztiak Suprefeturara bideratu dituzte.

Emmanuel Macron Estatu frantziarreko presidentearen alderdikidea –La République En Marche!– eta diputatua da Vincent Bru. Honek adierazi zuen Euskal Herriak denbora gehiegi daramala esperoan eta urratsak eskatu zizkion bere gobernuari. Espetxeen biraren baitan hiru kartzela zapaldu dituela azaldu zuen eta hilaren 6an Asanblea Nazional frantsesean agerraldia egingo dutela iragarri zuen.

Bruren usteekin bat egin zuen Max Brisson senatari kontserbadoreak, eta salatu zuen espetxeetako egoerak ez duela zerikusirik zuzenbide estatu batekin. Onartu du ETAren desarmeak prozesua bizkortzea ekarri zuela, eta uste du hilaren 9an Parisen egingo den mobilizazioak beste bultzada bat emango diola presoen egoerak hobetzearen aldeko dinamikari.

Agerraldia amaitzear zela, eta kazetarien galderei erantzunez, Bruk adierazi zuen bere gobernuarentzat ez dela ETAren disoluzioa presoen egoeran eman beharreko aldaketak eztabaidatzeko aurretiazko baldintza. Zentzu berean, Etchegarayk gaineratu zuen hori dela Iparraldean erabiltzen duten "lan-moldea", nahiz eta gaineratu ETAren disolbatzea "desiragarria litzatekeela".