Kazeta

Autorik gabeko Santizpiritu zubi bat nahi du Bizik

Santizpiritu zubia arraberritzeko proiektua dela eta, irailaren 4az geroztik hetsia dago. Autoentzat berriz idekia ez izatea proposatu du Bizi mugimenduak. Autobusek, txirrindulariek eta oinezkoek soilik erabiltzea nahi du.


Santizpiritu zubia hetsia dago irailaren 4az geroztik.
Santizpiritu zubia hetsia dago irailaren 4az geroztik.

Badira hiru hilabete Santizpiritu zubia hetsia dagoela autoen zirkulazioari. Baiona hiriguneko autobus sarea osatzeko obrak abiatu zituzten irailaren 4an. Aturri ibaia zeharkatzen duen zubia berritzeko lanek 2018ko ekainera arte iraunen dute. Bizik behin betiko autoei zirkulazioa hestea proposatu du agiri baten bidez.



Mugimenduak dionez, Santizpiritu zubia hetsi eta berehala eragin baikorrak agertu ziren. "Zubi gainean autorik ez izateak ondoko auzoetatik hainbat auto kendu ditu. Eta auto gutiago izateak segidan auzoetako biztanleentzat bizi kalitate mailan hobekuntzak ekarri ditu: arrabots gutiago, satsudura gutiago, oinezko eta txirrindulazko mugikortasun seguragoak, etab", aipatu du agiri batean.

Biziren aburuz, zubia hestearen erabakiak ez luke erdigunera heltzeko zirkulazioa oztopatuko. Alderantziz, "erdialdea animatzeko elementu bat eta elkar bizitzarako eta erabilpen ezberdinetarako idekia eta balorizatua" izanen litzatekeen elementu bat bilakatuko litzateke.

Gasen isurketen murrizteko ekintzak baikorra direla uste du mugimenduak. "Autoaren erabilpena tipitzen duen eta autobusaren, txirrindularen eta ibiltzearen hautua sustatzen duen neurri oro ongi etorria da", erantsi du.