Kazeta

Igor Elortza garaile Donibane Lohizunen

710 punturekin, Igor Elortzak Donibaneko Lohizuneko saioa irabazi du azaroaren 26an. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalisten izenak ezagutzeko, Iruñeko saioa baino ez da falta.

Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan jokatu da finalaurrekoa. ©Aurore Lucas
Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan jokatu da finalaurrekoa. ©Aurore Lucas

Donibane Lohizunek hartu zuen igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken-aurreko finalaurrekoa. Ohi bezala, 17.00etan hasi zen saioa eta 2.280 bertsozale elkartu ziren –sarrera guztiak amaitu ziren– pilotalekuan bertsoaldiaz gozatzeko, Naiz atariak azaldu duenez.

Fernando Anbustegi aritu zen gai-jartze lanetan eta bost ariketa ezberdin egin behar izan zituzten bertsolariek: binaka gaia emanda zortziko handian, zortziko txikian gero, puntutan aritu ziren ostean eta hamarreko txikiko ofizioak egin zion bide amaierako kartzelako lanari. "Gezurra esan duzu baina merezi izan du" izan zen gaia.

Igor Elortza izan zen, 710ekin, puntu gehien batu duen bertsolaria. 707,5 eskuratu zituen Maialen Lujanbiok; 671 Julio Sotok; 668,5 Jone Uriak; 634,5 Agin Laburuk; eta 633,5 Iñaki Apalategik.

Atzo eskuratutako puntuak aurreko itzulian lortutakoei batzen zaizkie eta batura hori izango da Barakaldoko BECen kantatuko duen zortzikotea erabakiko duena. Finalaurreko baten faltan, Iruñeko saioaren ostean jakingo da nork abestuko duen final handian.