Kronika
 
Arimen Gau Beltza

IRITZIA- Errito eta ohitura zaharrak gogora ekarri ditu Joseba Aurkenerenak. Hain zuzen urriaren azken gauean iragaiten den ospakizunaz hausnartu du idazleak. "Berpiztu dezagun gure geografia osoan, euskal kutsuaz beterik, kotsumismotik urrunduz".

Joseba AURKENERENA|2017/11/21 16:25|0 iruzkin
Fotoefectos
Joseba Aurkenerena iruditan.

Antzinatean, Europa osoan naturaren zikloekin loturiko sinesmen animistak zabalduta zeudenean, jai erritual ainitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien ardatz ziren egunetan. Ilargi beteko gauetan ere horrelakoak egiten zituzten. Laborantzak indar handia hartu zuen arbaso zaharren bizimoduan eta uztekin edota ereiteko aroekin loturiko erritoak eta egun bereziak sortu zituzten. Gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari: jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garagarrila, garila, iraila, azaroa, hazila, lotazila….. eta abar.

    Hasieran urtea bi arotan banatzen zuten: uda eta negua, eta berantago, tarteko bi aro berri sortu zituzten: udaberria eta udazkena. Urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi.

    Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Bizi-indar horrek buruan zuen aterpe. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Gure gogoak etengabeko ziklo horretan sar zitezen baziren hainbat errito eta ohitura. Erleek laguntzen zituzten gure hildakoen gogoak betiereko gurpil horretan sar zitezen. Argizaiolak ere horretarako pizten zituzten.

Euskaldun zaharrek uste zutenez, ortzadarreko bidea zen hartu beharreko xendra, ama-lurra eta ilargia uztartzen zituena. Urriaren bukaera zen beraz, garairik egokiena, gogoek bide hori har zezaten.  Uzten amaiera aldi horretan, hainbat jai eta usadio ziren, bai Euskal Herrian eta bai Europa zahar osoan. Urriaren bukaerako egun erritualetan familiaren gogoei dei egiten zieten, bide zuzenetik abia zitezen. Bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko ere, hainbat errito egiten zuten.
Izpiritu gaiztoengandik babesteko mozorro eta arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, izpiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan.

    Erromatarrek Europa konkistatu zutelarik, ohitura eta errito zahar horiek ezagutu eta bereganatu zituzten. Horrela urriaren bukaerako eta azaroaren hasierako egunetan uzta jaiak ospatzen hasi ziren. Inperioko erlijio berria, hau da, kristau erlijioa Europa osora zabaldu zutenean, jai pagano zaharrak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eguzkiaren sortze eguna zen Eguberri Jesus Haurraren sortze eguna izatera pasatu zen. Udaburua Jondoni Joanerekin lotu zuten, udaberriko ekinozioa Garizumarekin eta udazkenekoa San Migelen inguruko jaiarekin. Uzten bukaera ospatzen zituzten egunak desagertu ziren, eta haien ordez, Domu Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituzten.

    Domu Sainduaren bezperan, hau da, urriaren azken gauean, Izpiritu edo gogoen gaua ospatzen zen Europan. Zeltek ere erritual eta jai handiak egiten zituzten gau horretan. Britainiar Uharteetan tradizio handia zen gau honen inguruan, eta irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten Halloween izeneko besta Ipar Amerikara. Eta hortik orain, janzkera kontsumista eta materialista onartezinaz jantzirik, itzuli zaigu Euskal Herrira. Izatez eta itxuraz ez du zer ikusirik gurean XX. mendera arte ospatu izan dugunarekin. Zeren eta, giristinoek eraberriturik zabaldu zutenez geroztik, Euskal Herriko luze-zabalean Arimen edo Animen Gaua ospatu baitugu. Oraindik badira gure geografia osoan, gazteak zirelarik,  besta horretan parte hartu zutenak eta egiten zutenaren berri ematen digutenak. Are eta gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, azken urte hauetan Arimen Gaua berpizteko ahaleginetan ari dira, baina euskal usadio zaharrari jarraituz.

    Oier Araolaza dantzari eta antropologoak sekulako lana egin du Arimen Gaueko oihartzunak eta lekukotasunak biltzen. Berari esker, jakin badakigu mozorro eta arropa zaharrez janzteaz gain, arbiak eta kuiak ezartzen zituztela bide bazterretan. Arbi eta kuia horiek hustu ondoren, begiak eta ahoa irudikatzen zituzten zuloak egiten zizkieten, eta barruan piztutako kandelak jartzen zituzten. Gazteak biltzen ziren eta jan-edanean ibiltzen ziren, mozkortu arte. Gehienetan gaztaina erreak jaten zituzten. Etxez etxe eta baserriz baserri kantuz eta eskean ibiltzeko ohitura zen.

    Itziar Diez de Ultzurrunek Nafarroa Garaian erabiltzen ziren hainbat esaldi edo hitz-joko aipatzen dizkigu:

    -    Xanduli Manduli, Kikirriki… echeme nueces por aquí!  -erraiten omen zen Ollaranen.
    -    Txinurrie, mandurrie, alakatan, txinurrie! –erraiten zuten Baternainen.
    -    Tirriti-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turron! –kantatzen zuten Etxaurin.
    -    Domine domine kastañe, i si no zikiñe! –berriz, Utergan.
    -    Txinurrie, mandurrie, aratako kastañere (gaztainak erre?) , si nos echas pa tu tía! –Muru-Asterainen.
    -    Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario! –kantatzen zuten, behin eta berriz, Zaraguetan.

Gaur ere horrelakoak erraiten dira::
    -    Sosa ala pota!
    -    Ziria ala saria!
    -    Xanduli, manduli, kirriki, eman goxokiak guri!
    -    Txingila, mingila, karruskario, sagarrak merke ta udareak kario.

Bestalde, badakigu Mutrikun honela hasten zen kantua bazela:
Xesteron kontra, animen alde….  Zoritxarrez, gainerako guztia galduta dago.

    Gaur egun, deus gutti gelditzen zaigu uzten bukaerarekin loturiko besta horietatik. Urriaren 28an, San Ximun eta San Juda izeneko eguna oroitzen dugu urtero, horixe baita giristinoek egun honi ipini zioten izena.
Nire ustez, aitzinateko jai haiekin loturik egon daiteke. Kantuak udaren bukaeraren eta neguaren etorreraren berri ematen digu. Ikus dezagun

                               San Ximun eta San Juda,
                             
                               joan zen uda eta negua heldu da (2)
                               Ez baletor hobe, bizi gera pobre
                              
                               eremu latz honetan, 
                              
                               ez gera hain onak benetan.
                              
                               Ez dugu zaldirik, ez gera zaldunak,
                              
                               ez dugu abererik, ez gera aberatsak.
                              
                               Euskera guk dugu, 
                              
                               gu gera euskaldunak. (2)

    Halloween izeneko jai amerikarra zabaltzen ari zaigu gaurko euskal gizarte materialista-kontsumista honetan. Zein txotxoloak garen! Guk ukan dugu gure jaia, Arimen Gaua edo Gau Beltza deitu izan duguna. Berpiztu dezagun gure geografia osoan, euskal kutsuaz beterik, kotsumismotik urrunduz. Gure nortasuna berreskuratu eta iraunarazi nahi badugu, hau ere egin beharra daukagu. Gure eskura dago.