Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Franck Dolosor
Kazetaria

F. Dolosor: Estitxuren ahotsa jendearen bihotzean sartu zen eta hor gelditu zen

"Estitxu" kantariari buruzko dokumentala estreinatuko dute azaroaren 15ean Bilboko Zinebi festibalean. Franck Dolosor kazetariak gaurkotasunaren espiralean pausa hartu eta merezitako omenaldia eskaini nahi izan dio artista euskaldunari. Datozen hilabeteetan Ipar Euskal Herrian ikusteko aukera eskainiko dute. Hala nola, Beskoitzeko Herriko Etxeak urtarrilaren 27rako antolatu duen ekimen berezian.

Franck Dolosor Eitb hedabideko kazetariak dokumentala burutu du.
Franck Dolosor Eitb hedabideko kazetariak dokumentala burutu du.

Nola definituko zenuke Estitxu Robles Arangiz kantaria?

Kantari handia zen, beharbada handienetan handiena. Ahots biziki ederra zuen. Nahi izan diogu omenaldi bat egin. Bere familia bilbotarra zen baina ihes egin behar izan zuten Gerra zibilean. Artistez osaturiko familia Beskoitzen plantatu zen. Giro horretan Estitxu hazi zen eta ondoren, bere bidea egin zuen bakarlari gisa.

Anitzetan aipatu da Estitxu Robles Arangiz aitzindaria zela. Zergatik?

Aitzindaria zen, guztiz. Emaztea zen eta euskaraz kantatzen zuen, gitarra batekin. Kantu txapelketak irabazi zituen, bata bestearen atzetik. Venezuelara joan eta disko bat grabatu zuen han. Kantu gehienak espainolez ziren, baina hiru euskaraz abestu zituen. Mexikotik ere ibili zen eta gero Euskal Herrira etorri zen.

Orotara, hamabost disko kaleratu zituen. Hogei urteekin hasi zen kantatzen eta geroztik, gauza asko egin zituen. Duela hogeita bost urte zendu zen.

Nondik sortu da kantariari buruzko filma egiteko nahia?

Nik ez nuen ezagutu, baina bere boza eta diskoak bai. Beti pentsatu dut Estitxu norbait berezia zela. Guk berri batzuk aipatzean, batzuetan ez dugu oihartzun handirik lortzen, sare sozialeetan adibidez. Ez bada gai polemikoa, ez da horrelako aipamenik egiten sare sozialeetan. Haatik, Estitxurekin bai, eta beti presente dago gure artean. Aspaldi ohartu nintzen eta beti zergatiaz galdetu diot nire buruari. Jendea hunkitu zuen eta publikoa markatu zuen. Nortasun indartsua zuen. Bere ahotsa jendearen bihotzean sartu zen eta hor gelditu zen.

Gaur egun aipatzean, anitzek oroitu edo ezagutzen dute. Musika inguruan ibiltzen direnek erreferentziatzat dute. Kantari gazte anitzek ere. Ikusi nuen bere pertsonaia interesgarria zela eta denborarekin baztertua izan zela. Pentsatu nuen bazela garaia zerbait egiteko. Martxoaren 8an bere izena eman zioten Baionako karrika bati eta deliberatu nuen mementoa zela.

Iruditzen zait, kazetariok ez ditugula kronikak egin behar bat bestearen gibeletik. Hori egitea ongi da, xantza bat da, baina eguneroko gaurkotasunaz gain, beste motako ekarpen bat egitea garrantzitsua da.

Batzuetan gauzak ordenan jarri behar dira. Maiz hedabideetan kanpoko kantariak aipatzen ditugu eta hemengoak ez. Ez ditugu egunero aipatzen eta ezin dugu ere, baina horregatik tarteka denbora hartu behar da horretarako.

Estitxuk engaiamendu biziki argia zuen, euskarekin. Euskal Herriko enbaxadorea izan zen. Ameriketan kantatu zuen eta euskaraz grabatu zuen. Parisen agertzen zen kate publikoan eta euskaraz kantatzen zuen. Normalki hori ez zen onartzen, baina bere boza dela eta, jendea maitemindu zen.

Itzalean zegoen balioa argitaratu nahi izan duzu egitasmoaren bidez?

Bai, hala da. Bizi izan zuena islatu nahi izan dut ez baita beti erraza izan. Zentsura ere jasan zuen frankismo garaian. Mota askotako bazterketak jasan zituen. Pixka bat ahantzia eta baztertua zen.
Iruditzen zait publikoki familia eta lagunek egin ez dezaketena, guk egin dezakegula. Hau da, argitara bere lana eramatera.



Zer atzemanen du ikusleak produkzio horretan?

Ez dut bakarrik biografia islatu. Filmak sorpresa anitz ditu. Estitxu ezagutu dutenak ere harrituko dira. Estitxuren familiak parte hartu du, hala nola, Nahia eta Gorka ilobak baita bere anaiek ere.

Kazetariak ere mintzarazi ditugu. Adibidez, Felix Linares, Jaime Otamendi, Mirentxu Purroi eta Jose Mari Iriondo. Kantarien artean, Maite Idirin atzemanen dugu. Garaian ez ziren kantari anitz, hiru emazte zeuden hain zuzen: Lurdes Iriondo, Maite Idirin eta Estitxu.

Ez dugu egin nahi izan biografia bat eta horregatik beste ildo batetik doazen galderak ere pausatu ditut. Hala nola, ea ez garen idealizatzen ari Estitxu. Desmuntatzen dugu hori guzia, ez baita goratzea goratzeagatik. Bere ekarpena eta bere teknika puntuz-puntu aipatzen ditugu.

Gaur Bilbon estreinatu eta, zein ibilbide eginen du filmak?

Azaroaren 29an Senperen eskainiko dugu, abenduaren 6an Durangoko azokan, urtarrilaren 27an Beskoitzen. Halaber, otsailean Baionan Euskal Museoan ikusten ahalko da. Lekeitio, Aiherra baita Donostiatik ere deitu gaituzte. Filma zabala da. Euskal kantagintza berriaz ari da. Alde askotako filma da eta batak bestea osatzen du.

Orokorrean nolako esperientzia izan da ekoizpen hori burutzea?

Horrelako ekoizpen batek izugarrizko lana eskatzen du. Making off-ak bost egun iraun dezake. Gure lanaren alde garrantzitsuenetarikoa jendearekin duzun harremana da. Zoritxarrez, egunero ezin dugu hori bizi.

Lan handia eta poz handia da ere. Batez ere, Estitxuri buruzko artxibo asko ez zeudelako Euskal Herrian eta ekarri ditugu. Ezin izanen dugu dena ekarrarazi, baina tarteka ekartzea edo behintzat euskarazko produkzioak non dauden jakitea eta erakustea izugarria da. Adibidez, Frantziako telebistan egin zituen agerraldiak Parisen artxibatuak daude. Hori hemengo ondarea da, gurea da bereziki.