Maite UBIRIA

Hirigunera hurbildu da laborantza herrikoia

Lurrama saloiari esker, herriko laborantzak hirirat jauzi eginen du azaroaren 10etik 12ra. "Bioaniztasuna gozatu" lelopean laborantza herrikoiari buruzko ekimena iraganen da Biarritzeko Irati erakustazokan.

Hiru egunez bada zer ikusi, ikasi, jan eta ospatu Biarritzeko Iraty erakustazokan. ©Bob EDME
Hiru egunez bada zer ikusi, ikasi, jan eta ospatu Biarritzeko Iraty erakustazokan. ©Bob EDME

Euskal Herriko etxaldeetan, belaunaldiz belaunaldi bertako haziak eta abere arrazak babesteko eginiko lana goraipatuko dute "Bioaniztasunaz gozatu" leloa hartu duen azokan, Garako artikuluak azaldu duenez.

Ingurugiroarekiko errespetuan eginiko laborantza babesteko beharra nabarmendu dute, hain zuzen ere, hasiera ekitaldian bildu diren azokako antolatzaileek zein gonbidatuek. Horien artean, aurtengo azokako aitabitxia, Philippe Pointereau agronomoa. 

Bestalde, hamabigarren edizio honetan eskualde bat izanen da gonbidatua: Provence-Alpes-Cote-d’Azur (PACA). Bertatik berrogei bat laborari etorri dira euren jardueraren berri ematera, eta, bistan da, beraien etxaldeetako ekoizpena erakustera. 

Mediterraneoko eskualdearen gastronomiaz gozatzeko aukera ere izanen da gaur gauean antolaturiko afarian. Horrez gain, PACAko mozkinak –gaztak, ardoa, oliba olioa– dastatzeko parada izanen dute Iratyko erakustazokara hurbilduko diren lagunek.

Probentzako arrazak

Kabalen zokoan, berriz, euskal pentze eta etxaldeetan hazten diren abereen ondoan, Provence-Alpes-Cote-d’Azur eskualdeko ahuntz eta ardi arrazak ikusteko parada izanen da. Azkenik, mahai inguruetan tokiko landare motak ezagutaraziko dituzte Proventzako laborariek, eta artzaintza eta otsoa babesteko politika bateragarriak egiteak dakarren erronka aipatuko dute.

Urtean zehar euskal laborariek egiten duten lanaren erakustoki aparta da Lurrama eta antolaketa lan handia eskatzen du. Aurtengo ekimena aurrera ateratzeko 600 bat boluntario aritu dira. Aipatu ere hiri zein landa eremuetako biztanleak azokara hurbiltzeko garraio bereziak izanen direla.