Kazeta

Nortasuna xantza bat delarik

Nortasun partekatua ospatzeko, "Zara" egitasmoa aurkeztuko du Hendaian Peio Serbielle euskal kantariak. Horren karietara, hiru mintzaldi antolatu ditu azarorako.

Peio Serbielle kantaria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Peio Serbielle kantaria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

"Nortasuna xantza bat da" dio Peio Serbiellek, "partekatua delarik bereziki". Ideia hori zabaltzeko asmoa du euskal kantariak. Horretarako, datorren azaroan, "Zara" egitasmoa aurkeztuko du Hendaian. Hiru mintzaldi eta kontzertu bat izanen dira.

Lehen mintzaldia azaroaren 3an iraganen da, "nortasuna eta literatura" gaiaren inguruan. Jean-Michel Le Boulanger izanen da gomita nagusia. Hego-Bretainiako unibertsitatean irakasle gisa dihardu eta "Manifeste pour une France de la diversité" liburuaren egilea da.

Azaroaren 16an eta 17an, nortasuna hausnartuko dute ekonomia eta turismoaren prismatik hurrenez hurren. Gomita guziak ez dira oraindik finkatuak, baina Peio Serbiellek abisatu du "estereotipoek lekurik ez dute izanen". Kantariak berak kontzertu bat eskainiko du abenduaren 8an proiektuari amaiera emateko. Bertan, Hendaiko eskola zenbaitetako haurrek parte hartuko dute ere.

Grenobleko mintzaldia

Nicolas Sarkozyk 2010ean Grenobleko hirian eginiko mintzaldi batetik heldu zaio ideia Peio Serbielleri. Etorkinen integrazioak porrot egin zuela zioen frantses presidente ohiak eta horrekin ez dator bat euskal kantaria. “Bestea integratzen da, guk horrela nahi izanez gero” dio Serbiellek. "Horrez gain, bestearen nortasunak elikatzen gaitu".

Egitasmo bat baldin bada, bere azken diskoaren izena da ere "Zara". Bertan Gilles Servat bretoia eta Karen Matheson eskoziarrarekin kantuz ari da Peio Serbielle, beste bi artista horiek "elikatzen nautelakoan".