Kazeta

Ipar Euskal Herriko konponbiderako ereduak Nafarroa eta EAEra zabaldu nahi ditu Foro Sozialak

Euskal presoen aferari "arrazoizko irtenbideen parametroetatik" heltzeko Ipar Euskal Herriko erakunde, hautetsi eta gizarte zibilak egin duten lana goraipatu du Foro Sozialak. Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoan antzeko markoak lortu behar direla nabarmendu du.

Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. © Foro Soziala
Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. © Foro Soziala

ETAren armagabetzeak eragindako agertokia Estatu frantsesean "nabariagoa" dela uste du Foro Sozialak. Testuinguru horretan, Bakearen artisauek eta Bake Bideak sustaturik, erakunde, hautetsi eta gizarte zibilak egin duten lana goraipatu zuen urriaren 10ean Donostian eskainitako agerraldian.

"Besoz beso ari dira, armagabetzeaz geroztik, presoen aferari arrazoizko irtenbideen parametroetatik heldu ahal izateko", aipatu zuten Nekane Altzelai eta Teresa Todak Foro Sozialeko kideek. Ildo horretatik, erakundearen aburuz, lau dira lehentasuna duten gaiak: DSP estatutuaren bukaera, presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara hurbiltzea, gaixotasun larria duten presoen askatasuna eta zigor osoa bete dutenak aske uztea.

Instituzioaren iritziz, abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestazioa "Frantziako Estatuko
espetxe-politika aldaraz lezakeen ekimena da". "Gure herri osoarentzat bake eta bizikidetza ekimen bat" dela dio, hain zuzen.

Ipar Euskal Herrian ekimenak babes anitza jaso duen bezala, Hego Euskal Herrian ere arlo anitzek susta dezatela lortu behar dela azpimarratu du. Horretarako, Foro Soziala publikoki engaiatu da heldu diren asteetan "gizarte zibileko pertsonak eta erakundeak ahalik eta gehien aktibatzeko herrietan, hirietan zein Euskal Herri osoan".

Presoen alorreko konponbidea hiru zutaberen artean eraiki behar dela uste du. Alde batetik, Euskal Elkargoa, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, bestalde, presoen eta iheslarien kolektiboa eta azkenik, gizarte zibila. Armagabetzeak triangulazio hori "arrakasta metodo" bat dela frogatu zuela dio erakundeak.