Idoia ERASO

Munduko doinuak elkartuko ditu Haizepegi festibalak

Urruaren 6tik 15era iraganen den Haizebegi jaialdiak musikaren munduak Baionara ekarriko ditu. Arteak eta musikak gaur egun gure gizartean duen tokiari buruz gogoetatiko dute, besteak beste. Munduko herrialdeen artean, Kolonbiaren egoera aurkeztu eta aztertuko da bereziki.

Hamar egunez hemezortzi kontzertu, dantza eta antzerki ikuskizun, proposatuko dituzte Baionan, besteak beste.
Hamar egunez hemezortzi kontzertu, dantza eta antzerki ikuskizun, proposatuko dituzte Baionan, besteak beste.

"Arteak eta zientziek nola lagundu gaitzakete bizi garen mundu hau hobeki ulertzen, eta aldi berean, kulturen, lurraldeen eta gizartearen arteko jakintzaren, partekatzearen, eta laguntasunaren loturak ehuntzen?". Oinarrizko galdera honi erantzuteko sortu zen Haizebegi festibala duela lau urte, eta bide horretan eratua dagoen programazioak horri erantzuteko tresnak eman nahi ditu.

Ideia horietan sakonduz lan egiten duen Denis Laborde etnomusikologoa dago proiektuaren gibelean. Jaialdiko zuzendari artistikoa ere badena Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolan irakaslea da eta Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko ikerketa zuzendaria. Ikasleekin egiten duen lanaren ildotik bururatu zitzaion festibala sortzea: "Nire ikasleek oso ideia onak azaltzen nituela esan zidaten, baina ikertzaileak beren bulegoetan gelditzen zirela, eta ez zirela munduan barna ibiltzen". Horri erantzunez, eta musikaren mundua Baionara ekarri nahian, bertako hainbat kultur eragilerekin eta Herriko Etxearekin elkarlanean hiru urtez arrakasta bildu duen hitzordua antolatzen du.

Bereziki Kolonbiara begira jarriko da aurten Haizebegi, eta horren atzean ere Laborderen ikasleak atzeman ditzakegu. Tumac Fundazioko Andrea Rubio Ramirez eta Harold Tenorio Quiñones bere ikasleak izan baitziren. "Fundazioan lan handia egiten dute, Kolonbia hegoaldean dago, Ekuadorreko muga inguruan, non droga-trafiko handia dagoen. Han musika eta dantza erabiltzen dute haurrengana alaitasuna eta zoriona helarazteko. Oso ezaguna da Kolonbian", azaldu zuen Labordek.

Besteak beste, larunbatean emanaldi bat eskainiko dute, eta festibalak iraun bitartean hamazazpi ikasle eta Tenorio Quiñones irakaslea Baionan geldituko dira. Izan ere, Kolonbiako Kultura Ministeriotik diru-laguntza jaso dute festibalarekin egindako elkarlanagatik.

Kolonbiari buruzko adierazpen artistiko eta informazioak askotarikoak izanen dira; larunbatean, esaterako, Lizette Lemoine eta Aubin Helloten “Pacifico” filma eskainiko da, Ozeano Bareko kostaldean dauden afroamerikarren ingurukoa. Urriaren 13an, Pixvaeren eskutik Kaixu kontzertua izanen da, Bogota hiriarekin batera garatutako programa baten laguntzari esker. Jaialdiko azken egunak Hego Amerikako herria eremu ezberdinetatik ezagutzeko aukera emanen du, gastronomia barne.

Ukraina da presente izanen den beste herrialdetako bat. “Les extrémistes du piano” filma aurkeztuko dute eta ondoren Mariana Sadovskak bertako kantu tradizional eta sorkuntza modernoak batuko dituen “The Night is Just Beginning” kontzertua eskainiko du.

Musicians Without Borders

Jaialdiari irekiera emateko, Ekialde Hurbiletik datorren talde bat izanen da Baionako Antzokian. Bahraineko gizarte kosmopolitan elkartutako musikari kolektibo bat da Musicians Without Borders, eta Haizebegi festibalaren oinarrian den munduko musiken trukea du ezaugarri nagusia. Saad Mahmoud Jawad musikari irakiar birtuosoarekin batera, Argentinako, Egiptoko, Bahraineko eta Euskal Herriko musikariak elkartu dira taldean. Ouda jotzen duen Iban Perret lapurtarraren eskutik heldu da taldea Lapurdira.

Taldeak jatorri duen golko arabiar-persiarrak bezala, non Afrika eta Asiako erritmoak elkartzen diren, kideen jatorrizko kulturaren aztarnak daude errepertorioan: Argentinako tangoarekin batera, kantu siriarrak, eta euskal doinuak, esaterako.