Maite UBIRIA

Langabezia eta soldatak, barometroaren alde ilunak

Urteko lehen seihilekoari dagokion barometroak utzitako emaitzak aurkeztu ditu Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak urriaren 3ean. Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko enpresaburuen %75ek etorkizunarekiko baikor agertu dira. Alta, langabezia ez soldatek ez dute hobera egin.

Andre Garreta, irudiaren erdian, Baionan eginiko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Andre Garreta, irudiaren erdian, Baionan eginiko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Urteko lehen seihilekoan bilakaera ekonomikoari buruzko barometroak zuri-beltzeko argazkia erakutsi du. Baxe Nafarroa, Lapurdi eta Xiberoko enpresaburuen artean zabaldutako inkestatik ateratako emaitzek "hazkundearen sendotzea" frogatzeko balio dute, Garako artikuluak azaldu duenez.

"Baikortasun giroaren iraunkortzeaz" mintzatu da, preseski, Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria. Hala, hiru lurraldetako ugazaben %75ek itxaropenez begiratzen diote etorkizun hurbilari.

Hainbat adierazleri so eginez, Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoak hazkundearen bidea hartu du. Urteko lehenengo seihilekoan enpresa berrien sorrerak (+%1,1) gora egin du eta, denbora berean, %20 enpresa gutxiago itxi dira. Xehetasunetan sartuta, bereziki zerbitzuen eta merkataritza sektoreetan sortu dira enpresak.

Akitania Berriko makroeskualdeak utzitako zifrekin alderatuta, lanpostuen sorrera azkarragoa izan da Ipar Euskal Herrian, %2,5koa hain zuzen ere.

Merkataritzak erakutsitako goranzko joerak eta eraikuntza alorrean sumatu den susperraldiak azalduko lukete aipaturiko lanpostu kopuruaren hazkunde hori (%2,5).

Industria sektorea, ahulago

Industria alorrean egoera ez da, dirudienez, hain positiboa izan eta horrek ondorio zehatzak ditu bereziki soldaten portaera begiratuz gero. Zifrak eskuetan, enpresaburuen %38k beren negozio-zifrek okerrera egin dutela aitortu dute eta %46k ondoko sei hilabeteetan hobekuntzarik ez dutela espero erantzun dute.

Soldata altuenak industria alorrekoak direla aintzat hartuta, ez da batere harritzekoa lansariek izan duten hazkunde joera motela. Barometroaren arabera, soldatak %0,7 igo dira, aurreikusitako inflazio-tasaren ondoan hiru dezima azpitik.

Bestalde, langabezia da, zalantzarik gabe, txostenak eskainitako irudiaren alderik ilunena. Izan ere, ekonomiaren hazkunde joera baieztatzeko bidean izan arren, langabezia-tasak bere horretan jarraitu du.

Berez %0,2 jaitsi da langabezia tasa, baina lanik gabe dagoen biztanle kopurua %8tik gorakoa da. Lehen seihilekoan enplegu bulegoetan erregistratuta zegoen jende kopurua %3,4 hazi da. Lan bila ari direnen artean %43k urtebete baino gehiago daramate lanik gabe, %54 emakumezkoak dira eta %25ek 50 urte baino gehiago dituzte.