Kazeta

Angelu: 91 urteko emazte bat zauritu da leherketa baten eraginez

Angeluko etxe batean gertatutako leherketaren eraginez, 91 urteko emazte bat Baionako ospitalera eraman behar izan dute urriaren 3an.

Astearte goiz honetako 7.10 jazo da leherketa Angeluko etxe batean eta, ondorioz, sute bat piztu da. Segituan iritsi dira suhiltzaileak istripua gertatu den gunera, sutea itzali eta barruan atxikita zegoen emakumeari laguntzera, Naiz atariak azaldu duen bezala.

Sugarrek erabat hartutako eremu batetik atera dute emakumea, 91 urteko angeluarra, eta Baionako ospitalera eraman dute. Emakumeak zauri larriak ditu –bigarren graduko erredurak esku, beso eta bularrean–, baina bere bizitza ez dago arriskuan. Etxea, berriz, erabat suntsitua geratu da.

Larrialdi zerbitzuek egoera erabat kontrolatzeko gasa itxi dute, uste baitute hau izan daitekeela leherketaren jatorria. Gauzak hobeto argitzeko, baina, polizia ikerketa abiatu dute.

Zorionez, leherketak eragindako albo-kalteak ez dira handiak izan.