Kazeta

France 3 Euskal Herri saioaren defentsan elkartu dira Baionan

France 3 Euskal Herri saioaren desagerpenaren kontra elkarretaratzea egin dute irailaren 27an Baionan. Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde, eragile eta elkartek beren babesa adierazi diote. Lanpostuak defenditzeaz gain, saioaren hedapena garatzea aldarrikatu dute langileek.

Ipar Euskal Herriko hainbat eragile politiko elkarretaratzean presente egon dira. ©Bob EDME
Ipar Euskal Herriko hainbat eragile politiko elkarretaratzean presente egon dira. ©Bob EDME

France 3 telebistako zuzendariak heldu den urtean Euskal Herriko edizioa kentzeko asmoa duela iragarri zuen. Geroztik, horren kontrako ahotsak biderkatu dira. Tokiko albisteen saioaren sostenguz, hamarnaka pertsona elkartu dira irailaren 27an Baionako Industria eta Merkatal Ganbararen egoitzan.

France 3 Euskal Herri saioak egunero zazpi minutu irauten du eta horietariko minutu bat euskarazko erreportaje bat da. Ipar Euskal Herriko gaurkotasunaren berri ematen duen saioa kentzeko asmoa adierazi du zuzendaritzak. Hori dela eta, bertan lan egiten duten hamasei kazetarien etorkizuna kolokan dago.

Erakunde publikoko zuzendaritzak ikusle tasa islatzen dituzten zenbaki okerrak erabili ditu. Sabrina Corrieri langileen ordezkariak azaldu duenez, aspalditik saioa numerikoki emititua izatea aldarrikatzen dute. Gaur egun, soilik hertziar sarea edo lurreko telebista digitala erabiltzen dutenek saioa ikusi dezakete. ADSL banda zabalak ezta aukera numerikoak ere ez du parada hori eskaintzen. Horren eraginez, landa eremu anitzetan ezin da saioa ikusi. Lanpostuak mantentzeaz gain, saioa zabaltzeko era ere garatua izan dadin galdetu dute langileek.

Elkartasun keinuak

Erakunde publikoak bere erabakiaren berri eman zuenez geroztik, France 3 Euskal Herri saioaren aldeko elkartasun keinuak biderkatu dira. Sare sozialen bidez beren babesa adierazi diote Frédérique Espagnac eta Max Brisson senatariak, Vincent Bru diputatua, Claude Olive Angeluko auzapezak baita Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak ere, besteak beste. Gisa berean, EH Bai, EAJ, Euskal Herriko Fronte Soziala eta Batera plataformak ere beren sostengua adierazi diote.

Jean-Jacques Lasserre departamenduko lehendakariak gutun bat bidali dio Olivier Montels France 3ko zuzendariordeari. Tokiko albistegien desagerpenak lurraldeen baita tokiko desmartxen hedaduran ere eragina izango lukeela uste du.

Azpimarratzekoa da eskualdea telebista kateari finantziazioa eskaintzeko negoziatzen ari dela. Ekarpen horren helburua tokiko proiektuak eta hizkuntzak garatzea da. Eskualdeko hautetsiek France 3 telebistaren zuzendaritzarekin biltzea eskatu dute. Aipaturiko kontratua urrian izenpetu beharko lukete. Haatik, gibelatzen ahalko lukete zuzendaritzak bere erabakia mantentzen badu.