Kazeta

Senatuko hauteskundeak: hiru eserleku eta zortzi zerrenda

Estatu frantseseko Senatuko hauteskundeak iraganen dira irailaren 24an. Zortzi zerrenda lehiatuko dira Pirinio Atlantikoetako hiru eserlekuak lortzeko.

Senatuko hauteskundeak irailaren 24ean iraganen dira.
Senatuko hauteskundeak irailaren 24ean iraganen dira.

Senatuko hauteskundeetako hautagaiek beren burua aurkezten ahal zuten irailaren 8a arte. Sorpresa handirik gabe, Pirinio Atlantikoei dagozkien hiru eserlekuak lortu nahi dituztenen izenak ezagunak dira. Gaur egun, departamenduko senatariak diren Frédérique Espagnac, Georges Labazée eta Jean-Jacques Lasserrek beren tokia utzi beharko dute.

Orotara, zortzi lista lehiatuko dira irailaren 24an iraganen diren hauteskundeetan. Eskuinari dagokionez, Max Brisson Errepublikanoak alderdiko burua izanen da. François Verrièrek Fronte Nazionala ordezkatuko du. Halaber, eskuin-zentroko bi zerrenda presente izanen dira: Denise Saint-Pérena (Modem-UDI) eta Jean-Pierre Mirandena.

Ezkerrean, Georges Labazée eta Frédérique Espagnac sozialistak lehia zuzenean egonen dira. Isabelle Larrouyk komunisten lista gidatuko du. Halaber, Jean Tellechea EAJren alderdiarekin aurkeztuko da.

EH Bai alderdi abertzaleak hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki du. Alde batetik, hauteskunde legislatiboei lehentasuna ematea erabaki du alderdiak. Bestalde, hauteskunde senatorialak burutzeko moldeekin ez dator bat. Bere iritziz, ez du ahalbidetzen Ipar Euskal Herriko emaitzak jakitea.

"Biltzar bakar batean antolatuak izatea, Ipar Euskal Herriaren eremua desagertaraztea dakar eta EH Bairen proiektu nagusietariko bat Ipar Euskal Herriaren ezagutza da", azaldu du. Halaber, bere ustez, hauteskunde horiek guti batzuen mesedera jotzen dute". 

Emaitzak egunean berean

Senatuko 170 eserlekuak berritzeko, orotara 1971 hautagai aurkeztuko dira Estatu mailan. Horietariko 1074 gizonak dira eta 897 emazteak. 243 zerrenda lehiatuko dira, hain zuzen.

Diputatuak, senatariak, eskualdeko kontseilariak baita herriko ordezkariak ere bozkatzera deitu dituzte. Bulegoak 09.00etan ideki eta 15.00etan hetsiko dituzte. Emaitzak segidan plazaratuko dituzte, gauean ezagunak izan beharko lirateke.