Idoia ERASO

Euskarazko ikuskizunetan ez dagoela "aski kalitaterik" dio Dominique Burucoak

Urritik maiatzera Eszena Nazionaleko 2017-2018 denboraldia iraganen da Baiona, Angelu eta Donibane Lohizuneko geletan. Ikusten ahalko diren 62 proposamenen artean, soilik bat euskaraz izanen da. Erakundeko zuzendaria den Dominique Burucoak hori azaltzeko arrazoia euskaraz egindako produkzioaren "kalitate tipia" aipatu du.

Hegoaldeko ikusleak Lapurdiko saioetara erakartzeko «lan handia» egiteko dagoela azaldu du Dominique Burucoak.
Hegoaldeko ikusleak Lapurdiko saioetara erakartzeko «lan handia» egiteko dagoela azaldu du Dominique Burucoak.

"Ez dago aski kalitaterik euskaraz egindako ikuskizunetan", baieztatu zuen abuztuaren 30ean Dominique Burucoak. Eszena Nazionalaren labela duen Baionako antzokiak, Bokale, Angelu eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeekin elkarlanean, programazio osatu bat aurkezten du urtero, Lapurdiko lau hirietako eragile kultural gisa, Garako artikuluak azaldu duenez.

Bada, programazioan euskarak duen presentzia eskasaren inguruan galdetuta, zuzendariak honakoa erantzun zuen: "Hemengo hogei ikusgarri programatu ahal izatea amesten dut. Euskarazko produkzioa kalitatezkoa denean, leku guztietan programatzen dugu, Le Petit Theatre de Painen lanak adibidez". Eszena Nazionalaren eginkizunen artean bertako proposamen kulturalak hedatzea ez dagoela baieztatu zuen, nahiz eta azken garaian, zenbait urtetan euskararen presentzia nabarmen handiagoa izan den.

Euskarazko produkzioaren hautaketan, Eszena Nazionala Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) elkarlanean aritzen da, eta prentsa agerraldian Burucoa hitzarmena ofizial egitearen alde agertu zen. EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoinek, Burucoaren baieztapenari erantzun dio GARAk eskatuta: "Proposatzen ditugun gauzetan eta euskal kulturaren alorrean, gaur egun bada dudarik gabe kalitatea, nik hori defendatzen dut". Eta gaineratu du: "Argiki errateko, ni ez naiz ados ez dela aski kalitaterik euskal sorkuntzan".

Burucoak aipatutako "amestutako" hogei ikuskizunei buruz, honakoa gaineratu du EKEko zuzendariak: "Kalitatetik aparte badira ahalak, eta hor da zer politika eraman nahi den. Gu ez gara programatzaileak, Eszena Nazionalak ikusi behar du zer politika eraman nahi duen, besteak beste euskal kulturari dagokionez".

Nafarroa eta Gipuzkoa

Eszena Nazionala mugaren eragina "ezabatzeko" Gipuzkoako eta Nafarroako kultur eragileekin egiten ari den lana ere aipatu zuen bertako zuzendariak. Donostia Kulturarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Victoria Eugenia, Baluarte eta Gayarre antzokiekin dituzten harreman erregularrak azpimarratu zituen. Eta bi hiriburuetara Baionatik ikuskizunak ikusteko antolatzen dituzten autobusak beti betetzen direla jakinarazi zuen. Elkarlan horren baitan, Angelun urriaren 1ean ikusi ahal izanen den Sara Barasen azken lana goraipatu zuen. Izan ere, Baluarten estreinatu eta bi egunera, “Sombras” Lapurdin ikusteko parada izanen da.

Aurtengo programazioan hamahiru koprodukzio aurkeztuko dira: "Akitania Berrikoak dira gehienak, baina baita Frantzia eta Espainiakoak ere". Horien artean Le Petit Theatre de Pain euskal taldea nabarmentzen da, “Boxon(s). Jusqu’à n’en plus Pouvoir” lanarekin. Euskarazko produkzioari dagokionez, Argia dantza taldearen “Martin Zalakain” aipatu behar da, Juan Antonio Urbeltz eta Ander Lipusen gidaritzapean. Beste euskal ordezkariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Organik Orkeztra eta Natxo Monteroren “Barbecho” dantza ikuskizuna dira.

Mundu osotik etorritako lanak ere izanen dira. Horren adibide dira Louisianatik etorritako Kenny Bealen bluesa, japoniarrez eskainiko den Magique-circonstancielle konpainiaren “Les Évaporés” edo txineraz emango den Wuko Operako Tropen “Le Beau roi singe”.