Kronika
 
Joanikot pastorala gure historiaren zurrunbiloetan

IRITZIA- Altzai eta Lakarriko herritarrek "Joanikot" deituriko pastorala eskaini zuten bigarren aldiz abuztuaren 6an. Aurkenerena idazleak protagonista nongoa zen azaltzeaz gain, emanaldiaren nondik-norakoak aipatu ditu.

Joseba AURKENERENA|2017/08/09 16:30|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

Azken urte hauetan, eta uztaileko azken igandean pastoralaren lehen saioarekin batera Baionako bestak direnez gero, agorrileko lehen igandean hurbiltzen naiz Zuberoara pastoralaren bigarren saioaz gozatzera. Aurten ere, horrela egin dut Iñaki eta Alatz adiskideekin.

    Aurtengo pastorala Altzai eta Lakarriko herritarrek antolatu dute. Erran beharra dago bi herriek udalerri bakarra osatzen dutela. Altzai-Lakarri biziki euskalduna da gaur, oraino, eta arras sustraiturik zuberotar kulturan. Hori dela eta, bertako herritarrek indar handia egin dute beti, maskaradak eta pastoralak antolatzen. Azken garaietakoak aipa ditzagun: 1910ean, Napoleon pastorala jokatu zuten, 1952an Altzaiko maskarada, 1970ean Altzai-Lakarriko maskarada, 1973an Zantxo Azkarra pastorala, 1976an Altzai-Lakarriko maskarada, 1989an Zumalakarregi pastorala, 1991n Altzai-Lakarriko maskarada, 1998an Altzai-Lakarriko maskarada, 1999an Agota pastorala eta aurten, hau da, 2017an, Joanikot pastorala.

    Pastorala ez da bakarrik arratsaldez jokatzen den trajeria, goiz-goizean hasten baita, 10ak aldera izaten den mezarekin. Meza horretara herrikoak eta ingurukoak joateaz gain, arizale (parte-hartzaile) guztiak, trajeriako arropez jantzirik, joaten dira eta pastoraleko kantuetako bat ematen dute. Gero izaten dira, zintzarrada, karrika-üngürüa, goizeko dantzak, bazkaria, eta azkenean, arratsaldeko 3,30ak aldera, jokatzen dute jendaurreko trajeria.

    Uztailaren 30eko meza Altzaiko elizan egin zutenez gero, agorrilaren 6koa Lakarrikoan egitekoa zen. Gu, goizeko 10etarako, Lakarrin ginen, baina ezin izan genuen elizara sartu, eliza ttipia izanik, leporaino betea baitzen, eta jendea kanpo aldeko zabalditxoan bilduta zegoen, megafonia berezi batez lagundurik, barnean egiten ari ziren meza jarraituz. Bukatu zelarik, artzainek ardi manex (latsa burubeltz adardunak)  tropa bat bertaratu zuten, denak zintzarriz eta zuri-gorri-berdezko borlez apainduak. Ohiko astoa eta artzain.zakurra ere hortxe ziren.

Arizaleak elizatik ateratzen hasi ziren, banderazainak, errejenta, satanak, haurrak, eta gainerako guztiak. Horien gibeletik elizan ziren beste guztiak. Karrika-üngürüaren hasiera zen. Artzainak, astoa, zakurra eta artalde koloretsua segizioaren atzeko aldean kokatu ziren eta horien gibelean herritarrak. Horrela abiatu ziren Lakarritik Altzairaino. Altzain altxaturik ziren pastoral oholtza eta harmailak. Ondoan kantina eta janlekua prest ziren. Arizaleek eta herritarrek ohiko dantzak egin zituzten bertan: muñeiñak eta aintzina-pika. Gero bazkaltzeko, muturra berotzeko eta kantatzeko tenorea iritsi zen. Trajeria 3,30etan hastekoa bazen ere, ordu-bietarako harmailak eta aitzinaldeko kadirak jendez mukuru zeuden.


1. Nor izan zen Joanikot kapitaina?

Joan edo Joanikot Arberoako baxenafarra zen, Nafarroako Erresumako militarra, kapitain graduaziokoa, eta politikoki beaumondarren bandoan kokaturik zena. Oztako Maiarekin ezkondua zen eta Zangozako merindadeko Tebas herrian bizi ziren.

XVI. mendea arras nahasia izan zen Nafarroako Erresumarako, eta agaramontarren eta beaumondarren arteko gerlak eta liskarrak etengabeak izan ziren. Beaumondarrek ez zuten Albretarren agintea gogoz onartzen, eta beraz, haien aldeko aldaketa bat atzeman nahian, 1512an gaztelar eta aragoitarren armadarekin bat egin zuten. Ez zuten inoiz pentsatu arrotzak gelditzeko etorriak zirenik, haien faboreko aldaketa bat egiteko baizik.

Horregatik, Joanikot Arberoakoa beaumondarrekin batera borrokatu zen Katalina erreginaren armadaren aurka, eskuz esku inbaditzaileekin batera. Katalina Foixeko eta Joan Albreteko erregina-erregeek Iruñetik alde egin behar izan zuten, Nafarroa Beherera hasieran, eta Biarnora gero. Nafarroa armada eta gobernatzaile arrotzen menpean geratu zelarik, Joanikot Tebasera itzuli zen emaztearekin batera.

1516an, Nafarroako errege-erreginak Nafarroa askatzeko saioa egin zuten. Ordurako denek garbi zeukaten, baita beaumondarrek ere,  hura inbasio bat zela eta gaztelarrek ez zutela inolako asmorik erresumatik alde egiteko eta gobernua beaumondarren eskuetan uzteko. Horregatik beaumondar anitz gerlan parte hartu gabe gelditu ziren, horien artean, Joanikot kapitaina. Saioak porrot egin zuen, eta espainiarren mendekua ikaragarria izan zen: atxiloketak, torturak, hilketak, etxe eta ondasunen ebastea…  Beaumondar batzuek agaramontarrekin bat egin zuten, eta 1521ean,  Katalina eta Joanen seme zen Henrike IIak Nafarroa askatzeko antolatu zuen saioan parte hartu zuten, baita Joanikot kapitainak ere.
1521eko maiatzaren 9an, Asparrots jeneralaren agindupeko armada nafar-frantsesa Aturri ibaia zeharkatuz Nafarroa Beherera sartu zen. Osora 12.000 soldaduz osaturiko armada zen. Maiatzaren 13an Garaziko zitadelan gotorturiko espainiarrak errenditu ziren. Maiatzaren 16an iruindarrak altxatu ziren eta espainiarren armarri eta banderak lokatzetan arrastaka paseatu zituzten. Nafarren aholkuei muzin eginez, frantses tropek Logroñora jo zuten eta hor espainiarrek sekulako zafraldia eman zieten. Hortik gibelera eginez, Nafarroako Erresumara itzuli ziren, espainiar armada izugarri handia gibeletik zekartela. 1521eko ekainaren 30ean Nafarroako armada eta frantses aliatuak alde batetik eta Espainiako armada bestetik, arrez aurre aritu ziren Noainen, izugarrizko gatazka odoltsuan. Hango zelaiak hildakoz beterik geratu ziren eta garai hartan Europan boteretsuen zen espainiar armadak Nafarroa osoa birkonkistatzeari ekin zion sekulako krudelkeriaz, gizonak torturatuz eta erailez, etxeak eta soroak errez, emakumeak bortxatuz, etxeak hustuz eta ebatsiz…

Joanikot, Garaziko gazteluko alkaide izendaturik, gotorlekuaren defentsarako prestatu zen. Espainiarrek kanoien indarraz gaztelua hartu zuten, nafarren artean 300 bat hildako eraginez, eta Joan kapitaina preso harturik Iruñera eraman zuten. Han sasi-epaiketa batean heriotza-zigorra eman zioten. 1522ko uztailaren 26an Iruñeko karriketatik barna eraman zuten arrastaka era guztietako umilazioak eginez, eta gero urkatu zuten. Ondoren gorpua aizkorakadez laurdenkatu zuten. Burua urkamendiko pikan ezarri zuten erakusgai eta gorputzaren zatiak Iruñeko lau ate nagusietan. Espainiarrek horrela ospatu zuten inbasioaren garaipena.


2. Pastoralaren nondik norakoak

    Arratsaldeko 3,30etan, puntu-puntuan, pastoral martxa ozenki entzun zen. Ondoko pentze batetik arizaleak oholtzara jaitsi ziren. Buruan ohiko banderazainak eta gibelean gainerako guztiak. Ohitura den bezala, harmailak betetzen zituzten ikusleek esku zartaz segitu zuten martxaren erritmoa. Pastoral hau hemezortzi jelkaldiz osaturik dago eta baditu kantore edo kantu ainitz. Pastoral idazlea Joana Etxart gaztea dugu eta hauxe da idazten duen lehen pastorala. Errejenta Jean-Pierra Rekalt, kantoreen moldatzaile eta irakasleak: Jean-Louis Aranburu eta Ihitz Iriart, Dantza-irakaslea: Marilin Rekalt, eta jantzi egile eta jostunen buruan Erramun Garzia-Zabalegi aritu da. Süjetaren papera Erik Alzazebek jokatu du eta Oztako Maia emaztearena Pascale Aranburuk.

    Lehen perediküan, ohikoa den bezala, trajeriaren nondik norakoak kantatu zituzten: 7.- Kapitain arra egin zen, / bere hütsa xüxentü nahiz. / Kastillarren kontra abiatürik, / Albretekoen alde jarriz. // 8.- Ordü haietan Nabarran / bakea züzün ürria, / hamar ürte iraüli beitzen / Herri baten izatea.

    Lehen jelkaldietan, 1512ko konkistaren berri eman ziguten, eta plazer handiz ikusi ahal izan genituen Albako Dukea, Villalba koronela, Cisneros apezpikua eta beste basapiztiak ate gorritik ateratzen eta sartzen.
Bigarren jelkaldiaren ondorengo satanerian, honakoak entzun genituen satanen ahotik: 36.- Albretekoak ezkapirik, / Biarnon dütük kikiltürik. / Katalina orai bera dük /senarra penak akabatürik.

    Hirugarren jelkadian Albreteko Joan erregearen heriotzaren berri eman ziguten, eta honen bukaeran lehen kantorea, 1512ko konkista izenekoa. Espainiarren garaipena zigun kontatzen: Bidea har dezagün Erronkaritik Tuterara / Martzilla, Faltzes, Azkoienen gaztelüak gure alte /sar gitean Iruñean akümüilüa aidean, ezpata etsaiaren golkoan / gibel hartüko dizügü lür honen jabegoa, / oi Katalina kementsü zira gure eramaile.

    Bosgarren jelkaldian 1516an Nafarroa askatzeko izan zen saioaz mintzatu ziren. Zazpigarren jelkaldiaren ondoren Gure bakea izeneko kantorean ederki deskribatu zituzten espainiarren nahiak eta harrokeriak: Sosa, laidoak / bailakatü eta kixkiltü / meneko izan ditean, ohargabean, / ümil, ttipi, ahül eta ahalke. / Etxeak errauts, beren lenguajea zokotürik / ümil, ttipi, ahül, eta ahalke. / Baskoa hala denean gü gira laket / ümil, ttipi, ahül eta ahalke, / baskoa hala denean da gure bake. Publikoak, hitz hauekin beroturik, ozenki erakutsi zuen bere haserrea. Mendeak iragan diren arren, ez dut uste kantuaren mezuan adierazitako nahikeriak gehiegi aldatu direnik.

    Hamaikagarren jelkaldiaz, 1521ean Nafarroa askatzeko izan zen bigarren saioaz aritu ziren. Joanikot kapitaina eta Oztako Maia emazteak Nafarroako Henrike II.aren alde egin zuten. 115.- Goazan ordüan armak tente / soa zorrotz eta lüze / Garazirik Orreaga arte / han beikirate garaile. Eta jelkaldiaren amaieran, oholtza gainean honako hitzak oihukatu zituzten: (Joanikot): Ezpatak bite mintza, zabal beze gure hitza! (gainerako guztiek erantzun): Altxa baskoa! Biba Nabarra libroa! Eta publiko osoak, bero-bero eginda: Biba! erantzun.

    Hamahirugarren jelkaldian Iruñea askatu zutenekoa ziguten gogora ekarri: 136.- Bakea dügü laidatzen / armak ixilik preziatzen / müsika, bertso ozenez / has gitean ospatzen. Jelkaldiaren bukaerako kantorean honako errepika abestu ziguten: Iruñar jente fierrak / altxa baskoa! Biba Nabarra Libroa! / Iruñar jente fierrak / hel bedi ardua / etsaia garaitürik / atzo Kastillakoer bezala / diezaiogün egin ardo honi gerla. Antzeko zerbait sentitu eta ospatu nuen nik, 2015eko ekainaren 12an, Iruñeko udaletxe aitzinean nengoela, Joseba Asiron Iruñeko alkate izendatu zutelarik.

    Hamabosgarren jelkaldian espainiarrak Nabarra birkonkistatzeko prestatzen ari ziren armadaren berri eman ziguten. Bukaeran hamasei satanek dantzatu zuten hurrengo jelkaldietako malurak eta zorigaitzak iragarriz. Pastoral osoan bada jelkaldi guztiak lotzen dituen lokarri bat, Joanikoten eta Maiaren arteko maitasuna. Erran dezakegu trajeria honetan bi historia azaltzen direla: Nafarroaren konkista alde batetik, eta süjetaren maitasun historia bestetik. Joana Etxartek trebezia handiaz jorratu ditu biak.
Hamazazpigarren jelkadiaren amaierako kantorean, honako hitz ederrak kantatu zizkion Oztako Maiak gerlara zen senar maiteari: 1.- Joan ene maite bihotza / gogoa hitan diat beti. / Nahiago ene besoetan, / betikoz barat bahendi. // 2.- Hire begi ejer hura / eri püntez gogo nikek, / hunik ahal baneza / eta fereka goxoki. // 3.- Ezin haüt hunki, besarka / horrek ditak sortzen pena / nola haüe erbilten? / nola hiz ote? min düka?

    18. jelkaldian Joanikot preso Iruñera eraman zutenekoa kontatu ziguten, baita gero egin zioten sasi-epaiketan deliberatu zutena ere:  187.- Borreroak beza orai / lepoa sokaz ebaki / Basko arnegaten ixtoria / heben akaba bedi // 188.- Deagü ürkatü ondoan, / korpitza puzkakatüren / eta haga horien püntan / ütziko haügü hirotzen. Jelkaldiaren amaierako kantorean Joanikotek honako mezua igorri zion emazteari: Zü ziren lekütik Maia, entzün nezazü kantan / botz eztiaz nahi dit, zuretako hau erran. / Zü güdüketan aüzo, gerlak gütük berexi / Nola naüen eroko, jakinen düzü sarri, / enetako ez otoi, lüzaz egon penatürik, / zonbat maite zütüdan, gogoan etxek baizik. Hau izan zen azken jelkaldia, trajeriako süjetaren heriotzarena, hain zuzen.

    Gero etorri ziren azken perediküa eta azken kantorea. Johaine Sarraillet gazteak eginiko kantua izugarri ederra izateaz gain, Altzaik eta Lakarrik euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten atxikimendua biziki ongi azaldu zigun: Aita-ama arbasoek lantatü aziak, / egün kantorez deikü emaiten lilia. / Ikusiz zoien eder dügün gazteria, / lüzaz zohardi date lakarrin zelüa. // Gure herriari dogü gük egin batzarri, / azken denbora horietan jüntatzez algarrin / batentako ez düanak emaiten hamarri. / Biba Ibar esküina! Gora Altzai-Lakarri!



3. Pastoralari buruzko nire iritzia

    Joana Etxartek idatziriko pastoral hau izugarri ederra iruditu zait, hautatu duen gaia, idatziz eman digun mezua, bi historien uztartzea (Nafarroako konkista eta Joanikoten eta Maiaren arteko maitasuna), ideiak eta gogoetak azaltzeko erakutsitako sentsibilitate handia, narrazioaren ildoak zuzen eta artez eramateko erabili duen luma trebea, …  dena zoragarri egin zait eta bihotzean ongi barneratu.  Horretaz gain, arizaleen lana egin behar dut laudatu, izugarrizko lan ederra eskaini baitigute Jean Pierra Rekalt errejentaren zuzendaritzapean. Eta zer erranik ez, Erramunek eta gainerako jostunek egindako jantzi ederrez, XVI. mendean murgiltzeko guztiz egokiak izan direnak.

    Niri, gipuzkoar gisa, pastoral honek hainbat gogoeta sortarazi dizkit. Hamabosgarren jelkaldian Loiolako Iñaki azaltzen da, espainiarrekin batera, Nafarroa konkistatu nahian. Mingarria eta lotsa-emangarria bai, baina tamalez hori izan da gure historia. Jauntxoek indar handia izan dute beti gure Euskal Herrian, bandoen arteko gerlak, gorrotoak eta liskarrak etengabeak izan dira, eta horrek ez digu ezer onik ekarri. Artzainak, elkarrekin haserre direlarik, otsoa nagusi. Eta horixe gertatu zaigu euskaldunoi.

    1512an, Nafarroa konkistatu zuen armada espainiarrean, Araba, Gipuzkoako eta Bizkaiko euskaldun ainitz ziren. Gaztelarrek jauntxo ganboarren eta oinaztarren sakelak ongi bete zituzten eta tropak biltzeko agindua eman zieten. Lurralde bakoitzeko 2000 gizon inguru, 1000 bando bakoitzeko. Osora, beraz, 6000 soldadu, bederen. Eta gainera, lehen lerroan borrokatu ziren nafarren aurka. Higuingarria! Eta zer erran, gaztelarren gezur eta promesak sinetsi zituzten nafar beaumondarrez? Horiek, Leringo Luis buru zutela, gidatu eta eraman zituzten etsaiak Iruñeko ateetaraino. Gipuzkoarra eta abertzalea naizen aldetik, amorru handia ematen dit honek guztiak, baina egia biribila delakoan, onartu beharra daukat. Anaiak anaien aurka, orduan eta orain. Bada tenorea historian egin ditugun akatsez ikas dezagun.

    Buka dezadan artikulu hau Joana Etxart bihotzez zorionduz eskaini digun lehen pastoral eder honengatik. Ez dut uste, Joanaren gaztetasuna eta idazteko duen trebezia ikusirik, azkena izanen denik. Nire azken hitzak izan daitezen Altzai eta Lakarriko herritarrentzat. Bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuet euskara, euskal kultura, Xiberoa eta Euskal Herriaren alde, egunero, eta horrelako egun berezietan, egiten duzuen lan handia. Eta agurtzeko zer hoberik, azken perediküko azken bertseta baino. Joanak Beñat Mardoren Jaun Baruak kantu ezaguneko hitzak baliatuz agur moduko eder hau eskaini zigun aipatu azken bertset horretan. 197.- Ondotik joan zitaie / nor züen etxetara / eta maita herria / üken dezadan plazera!