Joseba AURKENERENA

Urruñako karrikaldia jadanik prest

IRITZIA- Heldu den abuztuaren 26an "Urruña Gaua" deituriko karrikaldia estreinatuko dute. Dantza, musika eta kantua uztartuko dute euskal mitologiaren gaia berpizteko xedez. Emanaldira joateko deia luzatu du Joseba Aurkenerena idazleak.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Agorrilaren 26an, larunbatarekin, Urruña Gaua izeneko karrikaldia ibiliko da Lapurdiko herri honetako karrikaz karrika eta plazaz plaza, kantatzen eta dantzatzen, herria piztuz eta euskal giroaz gainezkatuz.

    Urruña luzaz lozorroan izan bada ere, azken hamarkadetan urrats handiak egin ditu euskaltasuna pizturik iraunarazteko. Herritarrek ikastola egin zuten lehenik, gaur ikasle ainitzekin aitzina doana; 2014an kabalkada-zintzarrotsa (edo tobera)  arrakastatsua jokatu zuten eta aurten, lehen aldiz, karrikaldi mitologiko bat plazaratuko dute. Antolatzaileak Iparra-Hegoa eta Berttoli elkarteak dira.

    Karrikaldia, bere izenak dioen bezala, karrikaz karrika kantatzen eta dantzatzen gauzatzen den ikusgarria da. Ikusgarri hau biziki ezaguna dugu Iparralde osoan. Zenbait tokitan kabalkada deitzen diote. Urruñan ez dute izen hori erabiltzen jendeak toberarekin nahas ez dezan, ez baita horrelakorik. Lehen aipatu bezala, herritarrek parte hartzen dute eta normalean istorio bat edo kontakizun bat azaltzen dute. Urruñarrek euskara eta euskal erroak atxiki nahi dituzte, horregatik, euskal mitologian oinarrituriko karrikaldia eginen dute.

    Agorrilaren 26an, arratseko 9etan, karrikaldian parte hartuko duten herritarrak Herriko Etxetik gertu den Berttoli elkartetik abiatuko dira eta Arotzenia ostatura jaitsiko. Bertan dantza eta kantu bana emanen dituzte. Hortxe hasiko da egiazko karrikaldia. Arotzenetik plazara abiatuko da eta plazan eginen dute lehen geldialdia. Bigarren geldialdia Saint Vincent eskolaren aitzinean izanen da. Hortik, pilota-plazaren gibeletik, berriz plaza aldera. Hor Mari jainkosa handiak hitza hartuko du eta ondoren su-meta piztuko da. Su erritualaren inguruan dantzaz eta kantuz osatutako ekitaldia emanen dute. Mutxikoak ere, izanen dira bertara hurbiltzen diren guztientzat. Plazako ekitaldia bukatu orduko, Berttolira abiatuko dira, eta hortxe izanen da gau pasa.

    Karrikaldian, honako moduan aterako dira pertsonaiak: Buruan zaldunak, makilariak eta bandelariak. Ondoren herritarrak, Urruñako lanbideen adierazgarri. Hauen segidan Tartalo, Akerbeltz, Behigorri eta Marro buruhandiak,  Musikariak eta kantariak ondoren. Hauek pasatu orduko su errituala eramanen duen jentil talde handia etorriko da. Hurbiletik zigante edo erraldoiak. Gibeletik joanen zaie sorgin tropa handia, eta hauen atzetik, Ihiztari Beltza, laminak, Basajaun eta Basandere, Sugaar, Inguma, Hodei, Martinttiki eta Gaueko. Gero lau elementuen txanda izanen da: Lur, Ur, Su eta Aide. Adar-joleek hartuko dute segida, eta gibeletik Urruñako Hartza azalduko da. Ondoren zirtzil mordo bat. Hauek Txipiroi eramanen dute preso. Pertsonaia hau De Lancre da, 1609an Lapurdi odoletan blaitu zuen epaile-hiltzailea. Eta bukatzeko Mari jainkosa handiaren idi-orga. Eskuan zeruak idekitzeko eta ortzantzak sortzeko erabiltzen duen igitaia eramanen du. Berarekin batera, organ ezker-eskuin, ama-lurraren bi alabak, Iduzki eta Ilargi joanen dira.

    Urruñarrek urte osoa daramate karrikaldi hau prestatzen: kantariak, musikariak, dantzariak, jostunak, pertsonaiak,… Jende ainitz aritu da lanean arlo guztietan. 150 herritar inguru.

    Beraz, irakurle, ez ahantzi euskal mitologiarekin duzun hitzordu paregabe hau, eta hurbil zaitez agorrilaren 26an, iluntzeko 9etan, Urruñako karriketan eginen den karrikaldira. Ez zira damutuko. Ordura arte, adiskide.