Xan Idiart

Larruneko arraberritzearekin ez dator bat Berako Herriko Etxea

Larhuneko arraberritzearen egitasmo bat aurkeztu zuen ekainean departamenduko Kontseiluak. Berako auzapeza horren kontra azaldu da berriki.

Larhuneko arraberritzearen egitasmoak ez luke izediaren bioaniztasuna errespetatuko aurkakoen arabera.
Larhuneko arraberritzearen egitasmoak ez luke izediaren bioaniztasuna errespetatuko aurkakoen arabera.

Larruneko arraberritzearen egitasmoa begi onez ez dute ikusten Berako Herriko Etxean. Hain zuzen ere, herriko auzapeza den Josu Iratzoki Agirrek azaldu duenez, "kalte konponezinak ekarriko lituzkete obrek". Bere ustez, baliabide gehiegi eraiki dute jadanik azken urteetan. Bide horretan segituz, bisitariak berak ez luke gehiago Larrunera etortzeko gogorik.

Larruneko arraberritzearen egitasmo horren iturrian, departamenduko Kontseilua badago. Bere lehendakaria den Jean-Jacques Lasserre ahalketurik agertu da Josu Iratzoki Agirreren hitzekin. "Berarekin ados naiz tokia ez dela suntsitu behar erraten duelarik" aitzinatzen du Lasserrek. Proiektuaren hitzartze instantzian parte hartzeko deia luzatu dio auzapez nafartarrari.

Berako auzapeza ez da arraberritze horren egitasmoaren kontra azaldu den pertsona bakarra. Izan ere, talde ekologista batzuek gutun bat idatzi diote ekologia ministroa den Nicolas Huloteri. Bertan, Larruneko mendia Natura 2000 sarean dela oroitarazten diote Roquelaure hoteleko egoiliarrari. Hori dela eta, eraikitze berriak ez daitezke nolanahi egin, eta izediaren bioaniztasuna errespetatu behar da.

Beste beharrak

Egitasmoaren lerro handienetan, pasabide berri bat badago. Bi tren berri ere ibiltzen hasiko lirateke. Larruneko tontorreko bentetako jabe bat deitu du Kazetak. Ezezagun egon nahi duen pertsona horren arabera, arraberritzearen egitasmo hori baino beste gauza batzuk premiazkoagoak dira. "Udan, turistak tropaka heldu dira, eta arazoak ditugu urarekin".

Bestalde, pasabide berri bat egin ordez, agintariek sokorri zentro bat lehenetsi beharko luketela uste du. "Behin baino gehiagotan gertatu zaigu helikoptero bat deitzea, baina tratamendu bat behar duenak ezin du berehalako artamendurik ukan". Larrun gainean ez duela beti aro ederra egiten gehitu du. Eguraldi txarrarekin, nekez ailegatzen da tuturrura helikopteroa. Trena baino nekezago. Ahal bada.