Maite UBIRIA

Baionako bestak: bilakaerari buruzko bilan baikorra aurkeztu dute

Baionako besten gaineko balorazio baikorra egin dute Estatu eta hiriko ordezkariek. "Aparteko ezustekorik gabe" igaro diren bestek milioi bat bestazale bildu dituela jakitera eman dute. Hiru salaketa aurkeztu dituzte sexu erasoengatik. Prokuradoreak azaldu duenez, ez dago baieztapenik bi bortxaketei dagokienez. Hirugarren salaketa, ordea, ukituengatik izan da.

Estatuko baita Baionako ordezkariek ere besten bilana plazaratzen dute Suprefeturan. ©Maite Ubiria
Estatuko baita Baionako ordezkariek ere besten bilana plazaratzen dute Suprefeturan. ©Maite Ubiria

Catherine Séguin suprefetari egokitu zaio segurtasun plangintzak utzitako zifren bilduma nagusia aurkeztea. Segurtasun planak -milatik gora agente aritu ziren bestetako garaian- emaitzak eman dituela-eta baikorki hitz egin du Estatu ordezkariak, "istripu larririk ez dela deitoratu behar izan" nabarmenduz.

Bere ondotik, Jean-René Etchegaray auzapezak eta Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak hartu dute hitza. Azkeneko honen hitzartzeari so ziren, gehienbat, hedabidek. Hain zuren ere, ustezko eraso sexisten gaineko salaketen bilakaeraren berri ematea bere ardura delako.

Azken hiru urtetan, bereziki, askatasun sexualen aurkako delituak Polizi Judizialaren esku geratu direla azaldu ostean, "horrek ikerketaren epeak eta emaitzak azkarrago eskuratzea ahalbidetu duela" adierazi du fiskalak.

Hartara, zehaztu duenez, azkeneko besten karietara eraso sexisten gaineko hiru salaketa ikertu dituzte. Lehena ukituak pairatu zituen emazteak aurkeztu zituen. Beste bi kasutan "bortxaketa salatu zuten bi emaztek, nahiz eta delitu horien gaineko baieztapenik ez dagoen gaur gaurkoz".

Prokuradoreak bi salaketa horiei indarra kentzen ahalegindu da, lehenik eta behin "bi kasuetan emazte horiek haien borondatez joan zirela ustezko gehiegikeria gertatu zen apartamentuetara" esanez. Salaketa horien bilakaera zein izanen den esatekorik ez bada ere, auzitegiek dutelako azkeneko hitza, prokuradoreak "delitua zantzu dagoenik" zalantzan eman du une oro.

Hortaz gain, besten denboran bortizkeria ekimen handirik ez direlako gertatu bere poztasuna azaldu Vuelta-Simonek. Lapurretak direla gehien kezkatzen dituen delitua gaineratuz. Bestazaleei ordainaraztea?

Miloi bat bestazale baino gehiago

Jean-René Etchegaray auzapezak, bere aldetik, iazko hutsunea gainditutzat eman du. Aurtengo bestetan badira bi urteko zifrak berreskuratu direla nabarmenduz. Garraio erabilpenaren datuak eta, bereziki, hirian ezarritako bederatzi puntuetan aurten lehenaldikoz eginiko zenbatzea baliatu ditu bestetan izan den parte-hartzearen bilana emateko. Orotara miloi bat bestazale baino gehiago bildu direla bost egunez Lapurdiko hiriburuan azaldu du alkateak.

Zenbaketa horren helburua bestetako benetako dimentsioa neurtzea izanik ere, ezin da baztertu ondoko urteari begira Herriko Etxeak neurriak hartzea. Etchegarayk horrela aitortu ez badu ere, bestetara hurbilduko den jendeari sarrera ordainarazteko aukerari buruz gogoeta zabaldu omen du Herriko Etxeak.