Kronika
 
Txoria badator, txoria badoa Gernika 80 urte

IRITZIA- Xabier Soubeleten "Txoria badator, txoria badoa" ikuskizunari buruz hausnartu du idazleak. Obraren estreinaldia nola bizi izan duen eta zer esan nahi duen azaldu du. "Nire ustez, ikusgarri hau askatasunari egindako gorazarrea da, libertateari egindako oihu bizi, lazgarri eta halaber itxaropentsua".

Joseba AURKENERENA|2017/07/06 16:50|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

Ekainaren 22an, arratseko 9etan, Donibane Lohizuneko besta kari, Txoria badator, txoria badoa izeneko ikuskizunaren lehen emanaldia ikusi ahal izan genuen Lapurdiko hiri honetako Dukontenea  parke ospetsuan, Naturaren Antzokian deituriko agertoki paregabean. Aitzineko egunetako sargoriak ez zuen deus onik iragartzen, eta ikuskizuna eman behar zen eguneko arratseko 8etarako, xirimiriak Lapurdiko itsas-hegiko  bazterrak zituen bustitzen. Jendeak, hala eta guztiz ere, paisolak zabaldurik, Dukonteneko jarlekuak lepo beti zituen.

    Urtebete zeramaten Donibane Lohizuneko elkarteek Xabier Soubeletek sorturiko eta zuzenduriko ikusgarri hau prestatzen, eta ehun eta hogeita hamabost bat pertsona inguruk hartzen zuten parte. Donibandarren eta inguruetako herritarren artean ikusmira handia piztua zen eta hori nabarmen ikusi zen Naturaren Antzokia, xirimiriari aurre eginez, adin guztietako herritarrek bete izan zutenean.

    Gainera, ez zegoen tokiz aldatzerik, musika tresna guztiak prest ezarrita baitzeuden, eta jadanik ezinezkoa baitzen Jai-alaira edota beste agertoki estali batera eramatea. Berantegi zen. Edo Dukontenean jokatzen zuten edo ez zuten jokatzen.

    Xirimiriaren eraso etengabeak parte-hartzaileen erabakietan arrakalak eta zalantzak sortu bazituen ere, azkenean, jokatzeko deliberoa hartu zuten. Paisolen gerizpean aterpeturiko jendeak txalo handi batez hartu zituen oholtzara igo ziren lehen musikari eta kantariak. Eta horrela, xirimiriaren azpian oren eta erdi batez, ikusgarria oso-osorik ederki eman zuten.

Ikuskizuna dantzaz eta kantuz osatua zen, gehien bat, eta 1936ko gerla madarikatu hartan Gernikak jasan zuen bonbardaketaren berri eman zuen. Soubeletek hiru alditan banatu zuen ikusgarria: iragana, oraina eta geroa. Iraganaldian Gernikaren historia, Arbola santuaren sinbologia, foruen zinak eta horrelakoak jorratu zituzten. Garai zahar haietatik, denboran zehar jauzi bat eginez, 1937ko apirilaren 26ra iragan ziren. Astelehena zen, merkatu eguna, eta xirimiriak Gernikako bazterrak zituen freskatzen. Dominique le Cauzolaten koreografia ederraz gozatu ahal izan genuen. Bitartean, Betza Gorria abesbatzakoek Soubeleten Xirimiria gainean izeneko abesti ederra eskaini ziguten.

“Xirimiria gainean derorkit, / bainan dena zait atsegin, / trabarik ez dut soma. / Euri dena teilatutik baiterorkit / une oroz ene buruari / diot zer gertatzen zaidan, / Jainkoa enekin hasarre / edota hainbeste euri / gainean bil dezadan.”

Halako batean, zeru zabala idurikatzen zuen pantaila erraldoian, gerlako txoriak agertu ziren, alemaniarren Condor hegazkinak, alegia. Gernika bonbardatu eta suntsitu egin zuten, eta babes bila kaleetatik barrena ihesean zihoazen biztanleak, behin eta berriz, metrailatu. Honela kontatu ziguten Nat Cazarrék, Watsonek, Maddi Zubeldiak, Xabier Soubeletek, Erika Lavillardek eta Arin abesbatzak ederki interpretatu zuten Txoria badator, txoria badoa kantuaren bitartez:

Ta txoria badator, ikaran edonor / merkatuan, amatxiren besoan saskia; / Badator sarraskia; / eskutan landare eta hazia / lamia ikaran mintzen hasita. / Merkatu eguna, iluna eta soinu urruna / badurbil astuna //Condorrak airean burrunba, txistuka / eta bunba! Stuka eta katakunba / Condorrak airean, burrunba eta txistuka, eta bunba! Stuka eta katakunba / ehorztoki eta tunba // Merkatuan amatxiren besoan sarraskia, / hortxe dago odol nahaskia / Huts-hutsik baitago betiko aulkia / euriaren azpian  herri haragia / ta txoria badoa, putakumia!

    Ikuskizun hau Donibanetik sentitua eta pentsatua zela garbi gelditu zen momentu oro. Hortxe kokatu zuten Iratzeder olerkari donibandarrak bonbardaketaren gauean, gertatutakoaren berri izan zuelarik, idatzi zuen olerki samina. Soubeletek musikatu zuen eta Donibane Kantuz-ekoek ederki eta sentimendu handiz zuten abestu.

    Ooo Gernika! Ooo Gernika! / Zure kantu sarkorra entzun dut gau huntan / aditu izan zuen jadanik askotan / bozkarioz bihotza gainditzen zitzaitan / gaur egin dut gogotik negar ilunbetan // Ooo Gernika ! Ooo Gernika! / ikusten zaitut hilen herria iduri / etxe aurtikiz baizik ez zare ageri / udaberria irriz dago munduari / herri beltzetan lore guti zait ageri // Oooo Gernika! Ooo Gernika! / Orai datza ohiko Kartago bezala / paret beltz handi batzu baizik ez dauzkala / iazko euskaldun hiri haren gorputz hila / nigarrik egin gabe, nola ikus, nola? // Xoratzen iluntzen daut hitz horrek bihotza / mendeek jakinen dute haren zorigaitza / Numanze ta Kartagoz ez gaitezke mintza / goraki erran gabe Euskadin, han datza: / Ooo Gernika! Ooo Gernika! / Gaur egin dut gogotik negar ilunbetan.


Momentu horretatik aitzina, bigarren aldia iritsi zen, oraina, hau da, gertakizun garaikideak: frankismoa, fusilamenduak, Herri oso baten ukazioa, zapalketa, erresistentzia, odol jarioa, gaurko egoera berria,…

Nire ustez, ikusgarri hau askatasunari egindako gorazarrea da, libertateari egindako oihu bizi, lazgarri eta halaber itxaropentsua. Zapalketa eta sarraski guztien gaitzespen garbia. Eta askatasunaren aldeko aldarri hau, bada, ber denboran, bizitzaren eta bakearen aldeko nahikari sutsua. Sarraskirik ez! Triskantzarik ez! Zapalketarik ez! Horrelako gehiagorik ez! Ez Euskal Herrian eta ez beste inon.  Horixe da hirugarren aldian, hau da, gerorako,  kartsuki iradoki eta aldarrikatu zutena.

Abeslariak eta musikariak apartak izan ziren : Maddi eta Ramuntxo Zubeldia, Xanti Ofizialdegi, Beronika Ondikola, Iñaki Maritxalar, Nat eta Watson, Arin abesbatza, Beltza Gorria, Tximi Txama, Erika Lavillard, Donibane Kantuz, Udal Musika Eskola, Kaskarot banda, Estudiantina… eta hauek guztiek berotasun eta hurbiltasun handia eman zioten ikusgarriari. Arbonako Primadera taldeko dantzariek maisukiro dantzatu zuten aurreskua eta Beteluren Fandango luze eta ederra. Dantzarien artean Sérge, Betti Beteluren semeetako bat, ikusi genuen, aitarengandik jasotako sugarrari eutsiz. Begiraleak taldeko dantzariek, jadanik Donibane Lohizuneko inauterian ohikoa den Hiruburuen dantza aurkeztu zuten. Azken finean, hiruburuen filosofia ere, hiru aldi horietan banatzen baita, eta Soubeletek hori ederki baliatu zuen ikuskizunaren nondik norakoa bideratzeko.

Hor eta hemen entzun dugunez, bigarren emanaldi bat izanen omen da Baionan, oraindik zehaztu gabeko datan, eta hirugarren bat, abenduaren 9an Gernikan. Bi emanaldi berri horiek ere, xirimirirekin edo xirimiririk gabe, arrakastatsuak izanen direlakoan nago. Gernika hiria, errautsetatik sorturiko hiri berria hilezkorra dugu jadanik, euskaldunon bihotzetan habia egina duena. Euskal Herriak badaki barkatzen eta aitzina egiten, baina iragana ahantzi gabe, eta horixe izanen da etorkizun aske eta oparoa ernalduko duen hazia, lili ederra piztuko duen erna-muina.

Hauxe dena, argi eta garbi ikusten ahal da Soubeleten ikusgarrian. Zoriondu nahi ditut ikuskizunean, modu batean edo bestean, parte hartu zuten guztiak, eskertzeko moduko zirrara piztu baitzuten Dukonteneko Naturaren Antzokira, arrats euritsu hartan hurbildu ginen guztion gogo-bihotzetan. Milesker, beraz, denei. Buka dezadan, bukatzeko oholtzan bildurik, parte-hartzaile guztiek batera abestu zuten Pablo Sorozabalen Gernika izeneko kantu eder eta samina:

Gernika! Hilketa! Su ta gar! Erreta / Andreak eta haurtxoak heriotzari iheska / Gernika gaixoa! Malkozko itsasoa! Odolez gainezka, zoritxarrean itota / Utzi emakume negar zotinak / Euskal Herri hemen dago / haritza bezain lerden ta zutik, gero ta indartsuago / Arrano beltzak alperrik datoz lainoak  baino gorago. / Euskal gaztedi guztiak erne etsaiak purrukatzeko. / Hiltzaile horiek inoiz ez dute haritzik lurperatuko. / Aditu! Horiek! Inoiz ez! / Utzi emakume negar zotinak, / Euskal Herri hemen dago / haritza bezain lerden, / ta zutik, gero eta indartsuago / Arrano beltzak alperrik datoz lainoak baino gorago / Euskal gaztedi guztiak erne etsaiak purrukatzeko. / Hiltzaile horiek inoiz ez dute haritzik lurperatuko. /  Hautsi gure kateak! Piztu eusko legeak / Ta, hil artean, bizi askatasunean eta bakean!