Artzen LETONA
Elkarrizketa

"Errezetak berriz egin behar izan ditut, dena neurtuz"

Pierre Etchemaite berrogeita hamasei urteko sukaldari larraintarra da. 1983an gurasoen segida hartu zuen eta aurten Maitena Birabenekin bere lehen errezeta liburua plazaratu du Marabout argitaletxearekin.

Pierre Etchemaite sukaldaria iruditan. ©Artzen Letona
Pierre Etchemaite sukaldaria iruditan. ©Artzen Letona

Nola sortu da proiektu hau ?

Urrun joan behar gara gaurkotasuna ulertzeko. Duela hamabost urte hasi zen dena Parisen, lagun batzuen etxean. Maitena Biraben han zegoen, ezagutzen nuen telebistan ikusia nuelako. Lagun batek gomendatu zion pausatu nahi bazuen Xiberora etorri behar zuela, gure etxera. Bizpahiru lagunek berdina erran ondoren niregana etorri zen telefonoa galdegitera eta hamabost egun ondoren, hemen neukan.

Usu heldu da, gainera bere ezteiak hemen ospatu zituen duela bost urte, lau eguneko besta egin zuen, lurraldea bisitatuz eta gure harremanak azkartuz. Iaz etorri zelarik erran zidan zerbait idatzi nahi zuela nirekin. Hobeki izango zuela bere ezagutzak ikusirik Pariseko sukaldari handi batekin egitea. Baina ezetz, istorio eder bat genuela elkarrekin eta eginen genuela. Joan den azaroan hasi ginen, negua lanean pasa dugu eta udaberrian atera da.


Nola landu duzue liburua?

Preseski xehetasun anitzekin; hastapen batean nire maneran bidali nituen errezetak: olio pixka bat, gatza, guriña… Baina ez, ez zen hori nahi zutena. Dena zenbatu behar zen. Beraz errezetak berriz egin behar izan ditut dena neurtuz, zehatza izan behar da eta sinplea. Hots, errezeta sinplea eta zehatza. Nire errezetak daude, Maitenarenak eta elkarrekin landutakoak.

Liburua hartu eta kozinatzen hasten denaren lekuan ezarri behar da. Ikasle ona daukat etxean, emaztea liburuarekin ibili delako !!br0ken!! Erran diot erakutsiko nizkiola errezetak, baina erantzuten dit ez dela berdin. Beraz bai edozer lortu dugu.


Barazkiak dira ohoratuak liburuan, zure karta ikustean hor daude baina beti haragia edo arrainaren laguntzeko. Moda bat da halako errezetak eskaintzea?

Egia da lehen errezetak bidaltzean haragia edo arraina barazkiekin zirela. Hemen hala gaude ohituta eta bezeroak hori itxoiten du. Baina erantzunetan erraten zidaten haragi eta arraina bai baina barazkiak bakarrik agerraraztea. Halako lau-bost erantzunen ondotik deitu nituen erranez ez zela hemen egiten nuena. "Ez baina justuki nahi genuke barazkiak bakarrik zure jo mugan izatea" erantzun zioten. Ados, egia da modan dagoela.

Bestalde xantxa dugu hemen barazki egileak baditugula, Etxebarren Antoni bezala. Berak erraten dit zer duen eta nik zer behar nukeen. Elkarrekin zerbait egitea lortzen dugu.
Egia da jendea horri zuzendua zaiela. Niretzat zaila izan da haragia eta arrainaren ateratzea barazkiari lekua uzteko. Lana izan da, ez da erresa eta automatikoa izan. Miatuz eta landuz lortu dugu liburu hau argitaratzea. Jaso dudalarik, hostoak itzultzean bertako argazkiekin ahogozoa jarioa nuen.


Garapenik agertuko da Etchemaiteren kartan barazkiak bakarrik eskainiz?

Ez, begetarianoak agertzen direlarik, badakigu egiten, bat batean, dugunarekin errezeta hotz ala bero bat sortuz. Ez da aldatuko, barazkiak bakarrik eskainirik, bezero batzuk ez lirateke pozik izanen. Barazkiak hor ditugu eta segituko dugu moldatzen gure errezetetan, gure lana hori baita.

Nongoak dituzu bezeroak?

Lekukoak du garrantzia handiena, hego Euskal Herritik badatoz baita Frantzia Hego mendebaldetik ere. Jende xumea da, xumeki jatea gustatzen zaiona leku xume batean.


Liburu honetan Maitena Biraben da aurrean ezarria, agian bere fama izanen du liburuak, publiko zabalago baten biltzeko itxaropena daukazu?

Bai, espero dut. Baina neguan etor daitezela, lasaiago gara eta. Ez espres ari naiz!
Nola erran, istorio bat da, abentura bat. Hartu dut agertu den bezala, galderarik pausatu gabe.
Bi lagunen arteko istorio bat da, istorio polit bat. Liburu bat ederra da, dakizunean zelako lana egina izan den. Ni harro nago. Baina Etchemaite etxea ez da aldatuko, gurasoek ekindako bidetik jarraituko dugu.