Iurre BIDEGAIN

'Bizi espazioa' finantzatzeko crowfunding bat abiatu du Garaziko Gaztetxeak

Garaziko Gaztetxeak erosi duen lokala finantzatzen laguntzeko crowfunding kanpaina bat abiatu dute gazteek. Udan ateak idekiko dituen lokalak bizitzeko espazio bat izan nahi du. Horretarako, besta girotik urrunduz, hainbat animazio antolatzea aurreikusi dute.

Gaztetxeko kide ohi eta berriek bat egin dute eraikin berriaren egitasmoarekin. © Garaziko Gaztetxea
Gaztetxeko kide ohi eta berriek bat egin dute eraikin berriaren egitasmoarekin. © Garaziko Gaztetxea

Nahiz eta 2005az geroztik lokalik ez duen, urte hauetan eskualdea animatzen ibili da Garaziko Gaztetxea. Eraikinik ukan gabe ere, gaztetxe batek duen filosofia ongi defendatu dute gazteek. Hain zuzen, Lasa eta Suhuskune bezalako herrietan gaualdiak antolatu dituzte. Bestari lotutako ekimenak izan dira gehien bat orain arte antolatu dituztenak, eraikin fisikorik ez izatea urrunago joateko oztopo bat izan baita.

Gazte taldeak izan duen azken lokala Ahatsan kokatua zen. Herri elkargoak diru laguntza bat ematen zien bilkura gela hori erabili zezaten. Urte hauetan egoitza bat edukitzearen asmoa beti presente izan dute kideek, baina beste animazioen antolaketa dela eta, alde batera gelditzen zen. Gaztetxeko kide baten erranetan, iaz espazio bat atzematea lehentasun gisa finkatu zuten.

Hain zuzen, urte bukaerako biltzar nagusian ideia plazaratu zuen kide batek. Donibane Garaziko Zitadela karrikan lokal bat salgai zegoela aipatu eta, proiektuaren abiapuntua bazuten. Kideak azaldu duenez, Gaztetxeko lagunek ez zuten inoiz ideia horri pentsatu, batez ere "eraikin baten jabe izatea ez zelako beren asmoa". Eraikin bat erosteak suposatzen duen engaiamenduak ere beldurra eragin zuen beste batzuengan. Azkenean, alde baikorrak azpimarratu eta aitzina jotzea erabaki du elkarteak.

Horiek horrela, 60.000 euroko kostua duen lokala erosi dute gazteek. Garaziko enpresa eta elkarteei esker 35.000 euro bildu dituzte. Halaber, 25.000 euroko mailegu bat negoziatu dute bankuarekin. Horri aurre egiteko diru bilketa parte hartzailea antolatu dute Heloasso plataformaren bidez. Herritarrei sostengatzea eskatu diete.

Horrez gain, gazteak Donibane Garazi eta inguruko herriei diru laguntza bat eskatu diete. Nahiz eta oraingoz erantzunik ez duten jaso, baikor daude gazteak.

Eguneroko bizia

Lokala ez dela bestak antolatzeko espazio bat izanen azpimarratu du kideak. "Gure xedea karrika horri eguneroko bizi bat ekartzea da. Ospakizunentzat ondoko herrietara jotzen segituko dugu", erantsi du. Haatik, Donibane Garaziko bestentzat, beranduenik ateak idekiko nahi dituztenez, zerbait berezia antolatu nahiko lukete. Programazio alternatibo bat proposatu nahiko lukete.

Irailaz geroztik funtzio bat bete beharko luke eraikin berriak. Kideak aipatu duenez, bertso eskola bat proposatzeaz gain, gisa anitzetako tailerrak antolatu nahiko lituzkete. Halaber, euskarazko liburutegi parte hartzaile bat ere sortu nahiko lukete. "Bizi espazio bat izango da. Goxoki egoteko eremua kontsumitzeko beharrik izan gabe. Ohartu gara Garazin elkar ikusteko ostatu batera joan behar garela", erran du.

Astero Gaztetxean elkartzen hasi dira gazteak, besteak beste ideiak partekatzeko. Hala nola, "toka-noka" tailer bat egitearena. Pentsamenduak elkar trukatzeaz gain, aste hauetan eraikinaren obretan murgilduta daude gazteak.