Tokiko errealitateari egokituak diren ikastaroak UEUren eskutik

Tokiko errealitatearen isla izatea eta bertako eragileen ahotsaren bidez azalpenak eskaintzea Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikastaroen helburuak dira. Aurten Baionan UEUk proposatuko duen ikastaroak historia, itzulpengintza, hizkuntza, hezkuntza eta soziolinguistikaren arloak jorratuko ditu, besteak beste.

Iurre BIDEGAIN|2017/06/14 08:15
Guz_ueu_bob_edme103
Naroa Gorostiaga, Irati Iciar eta Iñaki Alegria. ©Bob EDME

Uztailaren 4ean abiatuko dira Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroak Baionan. Horiek arlo anitz jorratuko dituzte, beti ere tokiko errealitatearen ispilua izateko xedearekin. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko adituek bertako gaiei buruzko azalpenak eskainiko dituzte.

UEUk iragan abenduan ikastaroei buruzko proposamenak egiteko tartea ideki zuen. Irati Iciar ikastaroen arduradunaren erranetan, 110 proposamen jaso zituzten, "sorpresa handiz". Aukeraketa egitea "zaila" izan dela aitortu du. Haatik, aukeren artean oreka bilatzea hizpide izan dutela aipatu du.

Horiek horrela, aurten, hogeita zazpi ikastaroetan parte hartzeko parada eskaintzeaz gain, zazpi jardunaldi eta tailer osagarri bat antolatu ditu erakundeak. Horietariko sei Baionan iraganen dira. Horretarako, UEU Iker fundazioa, AEK eta Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetzan ari da.

Haiengandik ere ikastaro zehatzak egiteko proposamenak jaso ditu. Halaber, Seaskarekin ere harremanetan dagoela ohartarazi du arduradunak. Elkarteak formazioari buruzko beharrak zeintzuk diren aipatu eta horiek asetzen saiatu da erakundea. Hori dela eta, testu pragmatikoen itzulpengintza sakontzeaz gain, euskara gaitasuna lantzeko tailerra proposatuko du.

Profesionalen sarea indartu

"Tokiko errealitateari egokitutako eskaintza egitea oso garrantzitsua da", erantsi du. Ildo beretik, tokiko eragileen parte hartzea ezinbestekoa dela dio Iciarrek. "Ipar Euskal Herriko euskaldun adituen lanari tokia ematea ikastaroetako beste ezaugarri bat da", gehitu du. Nahiz eta Eibarretik ikastaroak kudeatzen dituzten tokiko profesionalen sarea indartzeko helburua du UEUk.

Hala nola, Iratzar fundazioaren bitartez, Egoitz Urrutikoetxearen tesia oinarritzat hartuz "Frantses iraultza garaiko hizkuntza politikaren ondorioan Ipar Euskal Herrian" gaia landuko dute uztailaren 5 eta 6an. David Anaut idazlea, Eneko Bidegain doktorea, Eguzki Urteaga soziologian doktorea eta Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakasleak parte hartuko dute saio honetan.

UEUko ikastaroan izena emateko tartea idekita dago hemen.