Kazeta

Macronen garaipena: ihardokipenak Ipar Euskal Herrian

Marine Le Peni tarte handiagoa atera ondoren, erraz gailendu da Emmanuel Macron Ipar Euskal Herrian. Lehen itzulian, tokiko hautetsien gehiengoak bere alde jo zuen. Ildo bera segituz, begiz onez ikusi dute Estatu frantseseko lehendakari berriaren garaipena.

Emmanuel Macron Lehendakaririk gazteena izanen da 39 urterekin.
Emmanuel Macron Lehendakaririk gazteena izanen da 39 urterekin.

Lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoak Emmanuel Macron bozkatzeko deia luzatu zuen. Igandeko emaitzak jakin eta, garaipenarekin pozik agertu dira eragile politiko horiek. Beste batzuek, ordea, Fronte Nazionalaren igoera kontutan hartu behar dela oroitarazi dute. Hain zuzen, Estatu frantsesean Marine Le Penek bozen %34,5a lortu du, 11 milioi boz, bere erranetan.

Anita Lopepe. EH Baiko bozeramaileak Fronte Nazionalaren "mehatxuek" hor segitzen dutela nabarmendu du sare sozialen bidez. Bere iritziz, "kexu eta etsipenari" erantzuteko alternatiba baikor eta sendoak beharrezkoak dira. "Gure heinean desafioa altxa dezagun".

Jean-René Etchegaray. Euskal Elkargoko presidentea eta Baionako auzapezak (UDI) En Marche mugimenduko hautagaiak irabazi izana "atsegin" bat dela adierazi dio Sud Ouest egunkariari. Bere ustez, hautesleak bildu dira "Marine Le Penen etorrera oztopatzeko" xedez.

Frédérique Espagnac. Ildo beretik jo du senatari sozialistak. "Pozik nago herritar frantsesak mobilizatu direlako Emmanuel Macronek irabazteko, baita Fronte Nazionalaren proiektua trabatzeko ere" aipatu du sare sozialetan.

EH Baiko kideak egin bezala, Marine Le Penek lortu dituen emaitza "historikoak" gogora ekarri ditu. Hots, lau hautesleetatik batek Fronte Nazionala bozkatu duela dio. "Errepublikarentzat oso grabea den boza da". Halaber, aukera baliatu du badira bost urte presidentea den François Hollande omentzeko.

Jean-Jacques Laserre. Senatari eta departamenduko kontseiluko presidentearen (Modem) erranetan, "gobernatzeko beste forma baten aukerarekin, itxaropen bat sortu da". Macronek aurre egin behar dituen zailtasunak kontutan hartuz, erne egon behar direla dio Sud Ouest komunikabidean. "Ekintza bateratu bat eta adostasuna beharrezkoa da inposatzen diren neurri zailak plantan ezartzeko".

Colette Capdevielle. "Soleimendu handi bat sentitzen dut nire herrikideek Le Pen hauteskundeetatik kanpo uztea lortu dutelako", aipatu du diputatu sozialistak sare sozialetan. Mezu berean, legebiltzarreko huateskundeei pentsatzeko ordua dela azpimarratu du. Hain zuzen, barda, kanpainaren afitxak kolatzen hasi zen Capdevielle. Oroitarazi behar da, bigarren mandatuari eutsi nahi diola bosgarren bozkagunean.