Iurre BIDEGAIN

Baionan Kantuz, hogei urte espazio bat eskainiz kantuari

Baionan Kantuz ekitaldiak hogei urte darama euskal kantuei espazio bat eskaintzen. Tuntuna elkartekoek apirilaren 22an urtemuga ospatuko dute egun osoko egitarauarekin.

Baionan Kantuzeko ekitaldia besten garaian. © Gaizka Iroz
Baionan Kantuzeko ekitaldia besten garaian. © Gaizka Iroz

Hilabetean behin. 11.00etan. Lakarra plazan. Badira hogei urte Baionan Kantuz ekitaldia antolatzen duela Tuntuna elkarteak. Herritarren artean ohitura bat bilakatu da. Tradizio horri esker euskal kutsu bat eskaini dio hiriari. Espazio bat zabaldu dio kantuari. Apirilaren 22an, Euskal Herri osotik etorritako lagunek 20. urtemuga ospatuko dute.

Guillaume Irigoyen Tuntuna elkarteko kideak ibilbide honen bilan "baikorra" egin du. Hasieran, ikastolako buraso gisa euskal kulturari garrantzia emateko xedea zutela azaldu du. Ikastolako mundua gibelean utzi ondoren, segidarik ez zuela izanen pentsa zitekeen, baina ez da hala gertatu. Baionan Kantuzek bere lekua hartu du.

Garaian hiriari euskal kutsu bat ematen hasi zela aipatu du kantariak. "Ez du bakarrik egin, baina lagundu du", dio Irigoyenek. Alde batetik, Euskal Herri osoan barreiatu den ekitaldia dela uste du kideak. "Guk Mutxikoak ekitaldia bezala, hilabetean behin hirian espazio bat eman diogu kantuari. Euskal kultura bizitzeko erritual bat sortu dugu", erantsi du. Ohitura bat eraiki du elkarteak.

Kidearen aburuz, Baionan Kantuzen hitzorduak euskal kultura herrikoiaren ispiluak dira. "Kantua jendea elkarretaratzeko tresna da eta hiriari egokitua dago. Lotura sozial bat da", gehitu du.

Taldea osatzen dutenez gain, ekimen bakoitzean 150 bat pertsona hurbiltzen direla erran du. Bere erranetan, modu jarraikian datozenak "bilo zuriak" direla dio. "Hori da egunerokoa. Ez balitz hori ez lirateke memento bereziak sortuko", nabarmendu du. Memento berezi horien artean urtero Baionako bestetan eta urtarrilaren 31n antolatzen duten hitzorduak presente daude.

Publikoa bera aldatu ez den gisa berean, kantuak ere ildo bera segitzen dutela aitortu du Irigoyenek. Azaldu duenez, 1997an Baionako Peñek disko bat grabatzeko ohitura zuten. Hogeita hamar bat kantuk osatzen zituzten disko horiek. Xabier Lete, Mikel Laboa eta Manex Pagolaren doinuak presente zeuden, besteak beste. "Kantu horiek oraindik bizi dira. Oraindik hor daude gure artean, baita gazteen artean ere", azpimarratu du.

Kantu, bazkari eta kantu

Tuntuna elkarteak egun osoko programazioa prestatu du 20. urtemuga ospatzeko. Egitaraua 10.30etan abiatuko da Espainiako atean 10.30etan. 11.00etatik aitzina Baionako karriketan kantatu ondoren, Lauga salan elkartuko dira bazkariarentzat.

Euskal Herri osoko taldeek 17.00etan iraganen den Kantu Kantari ekimenean parte hartuko dute. Programa bukatzeko Patxi Ta Konpainiak 19.00etan bere emanaldia eskainiko du.