Kazeta

Apirilaren 8ko egitaraua aurkeztu dute bakearen artisauek

Apirilaren 8an iraganen den desarme egunaren programa aurkeztu dute bakearen artisauek. Filma estreinaldia eta eztabaida batean parte hartzeko parada eskaintzeaz gain, "Armagabetze eta Bake prozesurako elkarretaratze handia" antolatu dute 15.00etan. Bizi mugimenduak, baita Nafarroako Parlamentuko presidenteak ere ekimena sostengatu dute.

Euskal Herriko bakearen alde elkartuak Baionan. ©Bob EDME
Euskal Herriko bakearen alde elkartuak Baionan. ©Bob EDME

Apirilaren 8ko eguna Baionako Atalante Zinema gelan abiatuko da 10.30etan. Hain zuzen, Bake Bideak antolatu duen ekimenean "Bakea Orain, Herriaren aldarria" filma estreinatuko du. Ondotik, ekoizpenean parte hartu dutenekin, hots, Louis Joinez epailea eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen komiteko kidea, Jean-Pierre Massias zuzenbide irakaslea eta Thomas Laboste egilearekin eztabaida bat proposatuko du.

Eguerditan, Roland Barthes zelaigunean eztabaida bat antolatu dute Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea, Aitzpea Leizaola Foro Sozial Iraunkorreko kidea eta Phillippe Texier epaile ohiarekin. Ondotik, 14.30etan, goizeko filma errepikatuko dute. Aldi honetan, euskarazko azpitituluekin emitituko dute pantaila handian.

Eguna bukatzeko, 15.00etan "Armagabetze eta Bake prozesurako elkarretaratze handia" antolatu dute Paul Bert plazan.

Agiri baten bidez, ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete laguntza eskaini nahi dutenei. Batez ere antolaketan parte hartu nahi dutenei. Izena eman daiteke ondoko webgunean: www.artisansdelapaix.eus. Halaber, ekarpen ekonomikoak egin nahi duen orori ere deialdia luzatu diote bakearen artisauek. "Denen beharra dugu, apirilaren 8an denak Baionara!", erantsi dute.

Nafarroa presente

Bizi mugimenduak apirilaren 8an parte hartzeko deia luzatu du. Bere aburuz, ekimen horrek Euskal Herrian "bake zuzen eta iraunkor batentzat oinarri sendoak pausatzeko parada" irudikatuko du.

"ETAren armagabetze osoak gatazka armatuaren atal bat behin betiko gainditzeko parada ahalbidetuko du eta horren bidez bake prozesuarentzat funtsezkoak diren beste galdeetan aitzinatzen ahalko da lehenbailehen. Bereziki, preso eta iheslari politikoen eta biktimen gaian", azaldu du. Horrek, bere erranetan, Euskal Herrian elkarbizitzako oinarri berriak ekarriko ditu.

Nafarroako Parlamentuko presidentea den Ainhoa Aznárezek Baionako ekimenean parte hartuko duela baieztatu du Info 7 irratian. "Presente izateko eta desarmea egiazko izan dadin ahalbidetzeko mementoa da", aipatu du.