Kazeta

Bakearen artisaua bilakatzea bozkatu du Izura-Azmeko Herriko Etxeak

Izura-Azmeko Herriko Etxeko hamaika kontseilariek Euskal Herriko bake artisauak bilakatzea bozkatu dute aho batez. Bozkaturiko mozioaren bidez, apirilaren 8an iraganen den desarme egunean parte hartzeko deia luzatu dute.

Daniel Olzomendi Izura-Azmeko Herriko Etxeko auzapeza. © Kazeta
Daniel Olzomendi Izura-Azmeko Herriko Etxeko auzapeza. © Kazeta

"Apirilaren 8an parte hartuko dugu, eta bake zuzen eta iraunkor baten arrangura duten herritar guziak gurekin bat egitera gomitatzen ditugu". Izura-Azmeko Herriko Etxea gisa horretako deliberoa hartu duen lehena izan da. Hain zuzen, taldea osatzen duten hamaika kontseilariek, aho batez, Euskal Herriko bake artisauak bilakatzea erabaki dute.

Hainbat hautetsi eta jendarte zibileko eragileek ETAren armagabetze prozesuan Gobernu frantsesaren parte hartzea aukera "hoberena" dela pentsatzen dute. Halaber, desarmea ondoko egunetan gauzatu daitekeela "oraindik" espero dutela azaldu dute Baxe Nafarroako herriko hautetsiek. Haatik, prozesuaren "geldiune baten arriskuaren aitzinean, bakoitzak bere ardurak" hartzeko beharra nabarmendu dute.

Izura-Azmeko hautetsien aburuz, armagabetze osoa "euskal gatazka behin betiko konpontzeko, eta
bortizkeria egoera batera ez itzultzeko, baldintza saihestezina" da. Halaber, Baionako Adierazpenak zehazten duen bezala, biktima guzien aitortza "ezinbestekotzat" jo dute. "Aieteko bake konferentziaz geroztik eta borroka armatuaren bukaeraz geroztik, kasik sei urte iragan direlarik, prozesuaren geldiuneak asmatu nahi ez ditugun ondorioak ekar baititzake", erantsi dute.