Kazeta

Baionako besten afixa lehiaketa irabazi du Jean Duverdierrek

Jean Duverdierrek aurtengo Baionako besten afixa lehiaketa irabazi du. Interneten bidez eta Euskal Museoan beren iritzia adierazi dutenen %36,79a marrazkilari baionarraren alde agertu da.

Jean Duverdierren afixak lehiaketa irabazi du. ©Isabelle Miquelestorena
Jean Duverdierren afixak lehiaketa irabazi du. ©Isabelle Miquelestorena

Baionako Herriko Etxea eta Besta batzordeak afixa lehiaketa irabazi duen obra argitaratu dute martxoaren 7an. Bozen %36,79ari esker, Jean Duverdierren afixak lehiaketa irabazi du. Uztailaren 26tik 30era iraganen diren bestak irudikatuko ditu.

Jean-René Etchegaray auzapeza eta Henri Lauqué Besta batzordearen lehendakariak lehiaketaren emaitzak plazaratu dituzte Baionan. Orotara, 8.900 pertsona inguruk Internet bidez antolatutako bozketan parte hartu dute. Halaber, 2.000 pertsona inguru Euskal Museora hurbildu dira. Bertan, bost finalisten obrak ikusteaz gain, bozketan parte hartzeko parada eskaini zuten ere.

Herritarren bozak erdia balio zuen eta beste erdia Besta batzordearen esku zegoen. Azkenean, Baionako marrazkilariaren afixak bozen gehiengoa eskuratu du. Duverdierrek bestak irudikatzearen saria lortzeaz gain, 4.000 euro jasoko ditu. Beste lau finalistek, ordea, 500 euro irabazi dituzte.