Kazeta

Artzainak kexu

Bi urteko diruztatze beranta pairatzen dute Ipar Euskal Herriko artzai batzuek. Egoera latz horren berri eman dute otsailaren 21ean Donapaleuko Laborantza Ganbaran.

Ipar Euskal Herriko artzai batzuek diruztatze beranta pairatzen dute.
Ipar Euskal Herriko artzai batzuek diruztatze beranta pairatzen dute.

Ipar Euskal Herriko artzai batzuk egoera larrian daude. Izan ere, 2015etik Akitania Berriatik heldu behar zaizkien diru laguntza eta paga batzuen beha daude oraindik. Diru laguntza eta paga horiek bi urteko beranta dute beraz, eta horrek arazoak dakartza gaur egun.

Artzainen egoera larriaren berri emateko prentsaurreko bat antolatu zuten atzo otsailaren 21ean hainbat sindikatuk Donapaleuko Laborantza Ganbaran. Diru laguntzarik gabe, artzainek ezin dutela beren lana aitzina eraman aldarrikatu dute Laborantza Ganbarako Sébastien Uthurriague (FDSEA) eta ELBko ordezkaria den Laurent Irigarayek.

Artzainen aktibitateak atzera egiten du mendietan, enplegaturik ez dute gehiago hartzen, eta transhumantzia uzten dute anitzek. Mendiak hustuz doaz orduan, eta ekologikoki zein ekonomikoki, mendientzat "benetako lanjerra" dela dio Sébastien Uthurriaguek. Bere aldetik, ditu laguntza horiek ezinbestekoak direla erraten du Laurent Irigarayek : "kalitatezko ekoizpenak proposatzen segitu behar da, baina dirurik gabe zaila da".

Koherentzia diru laguntzetan

Gamarten artzaia den Kati Loyatho egoera latz horretan dago gaur egun. Udan, mendira eraman ohi ditu ardiak. Ardi horiek manexak dira, Euskal Herriko ardi mota berezi bat. Haatik, ardi mota berezi hori ez du gehiago haintzat hartzen Europak, eta diruztatze beranta pairatzen du. Bestalde, aterpe bat eraiki nahi zuen bere ardientzat, baina proiektu hori gelditua da oraingoz.

Kati Loyatho eta beste hainbat artzaien kinka larriaz kezkarazteko eskutitz bat igorri diote Akitania Berriako presidentea den Alain Rousseti. Diru laguntzetan koherentzia eskatu diote, artzaiek beren lanaz bizitzen segi dezaten. Eskutitza 2017ko urtarrilaren 26an helarazi zioten. Otsailaren 21ean, arraposturik ez zuen oraindik eman Alain Roussetek.