Kazeta

Euskoa numerizatzen delarik

Euskokarta ordainketa txartela aurkeztu du Euskal Moneta elkarteak. Martxoaren 19tik aitzina erabilgarria izanen da.

Euskokarta aurkeztu dute urtarrilaren 18an Baionan. ©Bob EDME
Euskokarta aurkeztu dute urtarrilaren 18an Baionan. ©Bob EDME

Bi hilabeteren buruan, ordainketa txartelez erosketak egiten ahalko dituzte euskal monetako kideek. Izan ere, Euskokarta aurkeztu du goiz honetan Euskal Moneta elkarteak, eta kide bakoitzak Eusko kontu segurtatu bat ukaiten ahalko duela linean jakinarazi dute elkartekoek. Euskokartaren bidezko erosketak, edo Interneten zein Eusko komertzioetan egin daitezke. Horrentzat, tresna berezi bat edukiko dute merkatariek Euskokartarekin ordainarazteko.

Numerikoa eta billeteak batzen dituen sistema monetarioa bultzatzen duen Estatu frantseseko lehengo tokiko moneta osagarria izanen da Euskoa. Billeteak eusko kontutik ateratzen ahalko dira, eta alderantzizko bidean ere, billeteak kontuan sar daitezke. Euskal Monetako lehendakari kidea den Xebax Christy, Euskal Monetako kideak kontua mantentzeko gasturik ez zuela ukanen segurtatu du, ez eta ere komisiorik ordainketetan, edo zilorik kontuan. Kidetzeko edo birkidetzeko garai egokia dela erakutsi nahi du horrekin.

Helburu zehatzak ditu Euskal Moneta elkarteak. Batetik, martxoaren 19ko 500 kidek kontu bat ideki dezaten nahi du. Bestetik, beharrezkoa zaion tresneria diruztatzeko, finantziamendu parte hartzaile bat abiarazi du 30.000 euro biltzeko asmoarekin. Horrez gain, lehen Eusko Eguna ospatuko dute martxoaren 19an Baionako Glain Elkarteen etxean, eta data horretaz baliatuko dira kontuen idekitze ofiziala aldarrikatzeko.

Euskal Monetako lehendakari kidea den Dante Edme-Sanjurjoren aburuz, Euskoaren etorkizunerako inbertsio garrantzitsua da numerikoa, eta laguntzaileek zein langileek eramaniko egitasmoa, kolektiboa eta %100ez independentea izan dela gehitu du. Bestalde oroitarazi du Frantziako lehen tokiko moneta dela Euskoa, eta numerizaziorako bidean egiten duten lana, eredugarria izatea espero dutela elkartekoek. Europa mailan ere, hirugarren tokiko moneta da Euskoa.