Xiberoko Botza

Xiberoan alternatiba ekonomikoak barneratzen ari dira

ANALISIA- Zazpigarren CLEJ edo leküko gazte aurrezki batzordea sortü zen urte hatsarrean, eta jadanik lau gaztek zütüen xedeak lagüntürik izan dira.

Azia alkarteak Urdiñarben antolatu gaualdia. ©Xiberoko Botza
Azia alkarteak Urdiñarben antolatu gaualdia. ©Xiberoko Botza

Leküko alternatiba ekonomikoetaz, sensibilizazione eta promozione gaüaldia bat antolatü züan Azia alkarteak Urdiñarben. Parada horrez baliatü da zazpigarren CLEJaren (Comité Local d’Epargne Jeune) edo leküko gazte aurrezki batzordearen berri emaiteko eta "Eusko" eüskal monetaren berriz presentatzeko. Iragan martxoan abiarazirik izan zen zazpigarren CLEJa eta jadanik 218 kide dütü.

Sos emaileek 39.240 € prestatü dütüe eta lau xede lagüntürik izan dira, orotara 11.500 € heinean. Ile apaintegi, jauntsi ala lili saltegi, edo lauza ezartzaile, Xiberoko lau gaztek sail horietan zütüen xedeak lagüntürik izan dira.

Aurrezki sistima horretan, prestazaile bakotxak 180€ prestatzen dü, eta xede eramaileak interesik gabe ützültzen dütü ondoko bi urteetan. Xiberoan alternatiba hori, ontsa ebilten da. 2000. urteaz geroz, plantan ezarririk izan ziren sei CLEJeri esker, 54 xede langüntürik izan ziren, 182.115€ heineko mailegüak emanez. Ehün bat lanpostüren sortzeko lagüngarri izan ziren.

Urte ondarra gabe beste hiru xede aztertüko dütüe. Zazpigarren CLEJeko David Etxecopar ardüradünak erran deikün bezala "azkar hasia da, azken CLEJetako emaileek gehienetan ondoko CLEJean üzten beidüe prestatü düen sosa". Lehen CLEJ delakoan, 93 sos-emailek parte hartü bazüen, seigarrenean 205 ziren. Zazpigarren CLEJa oraino zabalik zaie sos prestazaile eta xede eramaileeri.


"Eusko" Eüskal moneta berriz presentatürik izan zen ere gaüaldian eta jakinarazirik izan zen, dagün 2017ko martxoan Euskoaren karta elektronikoa plazaratüko dela. Hori baino lehen, dagün abentüaren 9an, Maule Baitha zinegelan, filma baten üngürüan gaüaldi berezi bat iraganen da berriz Euskoaren promozionearen egiteko.