Iurre BIDEGAIN

Google Mapsen Ipar Euskal Herriko herrien izenak euskaratzeko deialdia

Google Maps euskarrian Ipar Euskal Herriko herrien izenak euskaraz jartzeko deialdia luzatu du euskaltzaleen talde batek. Google Map Maker deitu tresna bidez norberak izenak itzuli ditzake, ondotik batzorde batek begiztatu dezan.

Ipar Euskal Herriko herri nagusienak izan ezin, gehienen izenak frantsesez agertzen dira Google Mapsen.
Ipar Euskal Herriko herri nagusienak izan ezin, gehienen izenak frantsesez agertzen dira Google Mapsen.

Google Mapsen hizkuntza euskaraz jarri ondoren, erabiltzaileak Ipar Euskal Herriko izen gehienak frantsesez atzematen ditu. Hiri nagusiena izan ezik. Hala nola, Hendaia, Baiona, Donibane Garazi, beste herri anitzen izenak frantsesez agertzen dira. "Mauléon" barne. Euskaltzale talde batek aterabide bat bilatu nahi dio arazoari eta horretarako, "norbanakoen indarrak" beharrezkoak direla uste du.

"Googlek euskarazko herrien izenak helarazteko parada ematen dio erabiltzaileari", azaldu du Jakes Larre desmartxaren bultzatzaileak. Hain zuzen, "Google Map Maker" deitu euskarriak laguntza eskaintzen du. "Googlen kontu batekin konektatu ondoren, herriaren bilaketa egin daiteke. Izena aldatzeko desmartxa abiatu, hizkuntza hautatu eta zerbitzuari igortzen zaio", aipatu du.

Larrek azaldu duenez, batzorde batek jasotako izenak begiratzen ditu. Euskaltzale taldeak jakinarazi duenez, 2017ko martxoan Google Maps Maker zerbitzua hetsiko dute. "Orain presio soziala jartzeko mementoa da. Ez dakigu zer aldatuko den, baina esperantza dugu aldaketak aplikatuko dituztela. Ez bada gomendiorik horrela geldituko da, beraz saiatu behar gara eta bide hori dago aldatzeko", erantsi du.

Taldeak erabiltzaile bakoitzak indar bat egiteko deia luzatu du. Halaber, izenak proposatzerakoan Euskaltzaindiaren zerrendara jotzea gomendatu du. Gainera, nabarmendu duenez, herrien izenak aldatzeko aukera ez da soilik Euskal Herrira mugatzen, Estatu frantses mailakoak ere aldatu daitezkeelako.