Bernat Etxepare lizeoko kanpainarekin bat egin du UEUk

UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) Baionako Bernat Etxepareren "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpainarekin bat egin du. Lizeo berria finantzatzeko kanpaina laguntzeaz gain, indarrak bildu nahi dituzte Ipar Euskal Herrian euskarazko eskaintza sustatzeko.

Kazeta|2016/11/15 15:40|0 iruzkin
Bernat_etxepare_ueu
Ezkerretik eskuinera: Estelle Gogni, Hélène Charritton eta Iñaki Alegria. ©UEU

UEUk Bernat Etxepare lizeoaren "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpainan bidelagun izatea erabaki du. Lizeo berriaren ekipamendua diruztatu nahi duen kanpainaren zabalkundea lagundu eta bere ekarpena ekarri nahi du. Iñaki Alegria UEUko kideak, Hélène Charriton lizeoko zuzendaria eta Estelle Gogni kanpainaren arduradunak elkarlanaren berri eman dute azaroaren 15ean Donostian.

Alegriak Ipar Euskal Herrian euskararen egoera zein den kontutan hartuta lizeoaren egitekoa "izugarri garrantzitsua" dela nabarmendu du. Euskarazko formakuntzaren alde UEUk eta lizeoak dituzten ezaugarri amankomunak azpimarratu dituzte. Horrez gain, Unibertsitateak lizeoko ikasleei proiektua aurkezteko eta ekarpenak biltzeko xedea du.

Hélène Charrittonek lizeoa aurkeztean Ipar Euskal Herrian irakaskuntza euskaraz eskaintzen duen lizeo bakarra dela azpimarratu du. Halaber, ikasleek Baxoan ikasgai guztiak euskaraz pasatzeko dituzten oztopoak gogoratu ditu.

Elkarrekin hazi

Lizeo berriak Salmenta Baxo pro eta JLHB Baxo pro (Jendeari Laguntza eta Herri Bizia) sailak proposatuko ditu. Barne antolakuntzarako 300.000 behar ditu. Ildo horretatik, "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpaina martxan jarri dute sagarrondoak salduz. "Gure kulturan zuhaitzak eta bereziki sagarrondoak izan duen eta duen garrantzia ikusiz, sinbolo gisa hautatu dugu kanpainarendako: praktikoki sagarrondoak saltzeko, baina ere sinbolikoki mezua pasarazteko", aipatu du egitasmoko arduradunak.

Kanpainaren baitan "Euskararen Sagardia" sortuko dutela azaldu du. Baionako lur zati batean sagarrondoak erosi eta lizeoarengan utzi dituztenak landatuko dituzte. Xedea? "lizeoa toki finko bati identifikatu eta lurrarekin dugun atxikimendua inguruko jendeekin partekatu".

UEUk bere bazkideen artean ekarpenak jasotzeko helburuz kanpaina abiatu du. Gizarte osoari diru bilketarekin bat egiteko eta zabaltzeko deia luzatu dio. Horretarako, bi kontu korronte prestatu ditu:

- Credit Mutuel: FR76 1027 8022 7700 0508 6224 057
- Laboral Kutxa: ES16 3035 0019 99 0190700210

Bultzatzaileek azaldu dutenez, izena, abizena eta LIZEOA jarri behar da.