Kazeta

"Naparra auzia" berriz irekitzeko bidean, 36 urte beranduago

"Estatu terrorismoarekin" lotu iturri batek José Miguel Etxeberria, "Naparra", Mont de Marsanen lurperatua izan zela azaldu du. Iturriaren "sinesgarritasunak" hogeita hamasei urte beranduago auzia berriz irekitzea ahalbidetu dezake.

Iñigo Iruin abokatuak kasua berriz irekitzea eskatu dio Audientzia Nazionalari.
Iñigo Iruin abokatuak kasua berriz irekitzea eskatu dio Audientzia Nazionalari.

Jose Miguel Etxeberria, "Naparra", 1980ko ekainaren 11n desagertu zen. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak, egun horretan, Ziburun hitzordu bat zuen. Garaian, Batallon Vasco Español deitu erakundeak bahiketa bere gain hartu zuen arren, kasua ez da inoiz argitu. Hogeita hamasei urte beranduago, abokatu eta familiak azken urteetako seinalerik fidagarriena errezibitu du.

Hain zuzen, "Estatu terrorismoarekin" lotu iturri batek gorpuaren kokapenari buruzko informazioa helarazi zion Iñaki Errazkin kazetariari; azken horrek abokatuari jakinarazi zion. Iturriaren nortasuna ez dute argitaratu; Hego Amerikan bizi den pertsona bat litzateke.

Iturriak lekuaren datu zehatzak esplikatu ditu. Hain zuen, "Naparra" Mont de Marsaneko harizti batean lurperatu zutela azaldu du. Informazio batzuk egiaztatu eta lekua bisitatu ondoren, Iñigo Iruin abokatuak kasua berriz irekitzea eskatu dio Audientzia Nazionalari.

Iruinek kasua irekitzeko bi funtsezko elementu nabarmendu dituela kontatu du. Alde batetik, iturriaren sinesgarritasuna. Kasu honetan "muga batzuk" dituela azpimarratu du; iturria Errazkin kazetariarekin harremanetan jarri delako. Bestalde, helarazi datuen sinesgarritasuna. Eremuaren deskribapena "atzeman dutenarekin bat egiten" duela zehaztu du Iruinek. "Gorpuzkiak atzemateko esperantza dugu", erantsi du.

Gorpuaren bilaketa lanak, "lehentasunez"

Desagerpena Estatu frantseseko lurretan gertatu zenez, Iruinek Baionako prokuradorearengana jotzea erabaki zuen. Azken horrek 1992tik auzia preskribitua zegoela erantzun zion eta Madrilera joatea gomendatu zion. Oroitarazi behar da justizia frantsesak 1982an ikerketa utzi zuela.

2014ean, Nazio Batuen Erakundeak "Naparra kasua" desagertze behartu gisa onartu zuen. Estatu espainiarra eta frantsesari kasua ikertzea gomendatu zion.

Horiek horrela, abokatua irailaren 5ean Auzitegi Nazionalera jo zuen eta Javier Zaragoza prokuradorearekin bildu zen. Azken horrek kasua berriz irekitzearen ideia babestu zuen. Irunek Audientzia Nazionalak Estatu frantsesari "lehentasunez" gorpuaren bilaketa lanak hastea eska diezaiola galdegin du.

Estatu espainiarrak "Naparra" terrorismoaren biktima gisa aitortzeko bi eskaeran ezeztatu ditu. Pako Etxebarria auzi medikuaren aburuz, plazaratu datuak orain arte agerikoa zena frogatzeko funtsezkoak dira: "erahila izan zela". Eneko Etxeberria, "Naparraren" anaiak" urte luze hauetan beraien ondoan egon direnak eskertu zituen. "Egia jakiteko bidearen hasieran" izan daitezkeela aipatu zuen.