Biziko aulki bahitzaile bat auziperatuko dute lehen aldiz

Pariseko BNP Paribas bankuan bahitu aulkiengatik Jon Palais Bizi! eta ANV Cop 21eko militantea komisaldegira deitu dute ekainaren 9an. Justiziak bere kontrako epaiketa bat abiatzea erabaki du; 2017ko urtarrilaren 9an Akizen izanen da auzia.

Iurre BIDEGAIN|2016/06/09 13:50|0 iruzkin
Les_faucheurs_de_chaises_bloquent_le_sie_ge_central_de_la_bnp_le_3_de_cembre_2015
Pariseko BNP Paribas bankuan burutu ekintzaren irudia. © DR

Iragan urteko urrian Bizi! eta ANV Cop 21 mugimenduko militanteek Pariseko BNP Paribas bankuko hamabi aulki bahitu zituzten. Jon Palais militantea ekintzaren bozeramailea izan zen. Burututako ekintzaren harira komisaldegira deitu dute ekainaren 9an. Justiziak prozedura bat abiatu du eta heldu den urteko urtarrilaren 9an Akizeko auzitegian auziperatuko dute.

Azken hilabete hauetan aulki bahitzaile anitz deitu dituzte komisaldegira. Jon Palais auziperatuko duten lehena da. Palaisen aburuz, BNP Paribas bankuaren salaketa "probokazioa" da. Kontatu duenez, komisaldegian ADN froga egitea ukatu du, batez ere, aurpegia agerian egin zen ekintza bat zelako.

Bere iritziz, epaiketa "test bat da" edo "beste prozedura askoren abiapuntua" izan daiteke. "BNP Paribas bankuaren kontra burutu ditugun ekintza guzien bidez Kaiman irletan zituzten adarrak bertan behera uztea eskatu genuen. Bertan milaka dolar kudeatzen zituzten soldatadunik gabe", kontatu du.

Maiatzean Bizi!-k iragarri zuen bezala, bankuak Kaimanetik ateratzea erabaki zuen; "arrazoia eman zigun". "Borroka hori irabazten dugu eta orain prozedura abiatzen dute, jakinik, aulki guziak Cahuzac prozeduraren karietara itzuli genituela", erantsi du.

Bizi!-ko bozeramailea den Txetx Etcheverryren aburuz, auzia "memento garrantzitsua izanen da". Talde ekologistak iruzur fiskalaren kontrako prozedura bilakatuko duela iragarri du. "Hitzordua erabiliko dugu gaian adituak diren Estatu frantseseko, Europako eta Euskal Herriko adituak gonbidatzeko. Urtarrilaren 9a egutegian atxiki beharko den data da", nabarmendu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK