Ikasleak hezkuntza sistemaren aldaketaren alde mobilizatu dira

Ikasle Abertzaleak mugimenduak hainbat mobilizazio antolatu ditu martxoaren 17an Euskal Herri osoan. Baionan, Bernat Etxepare lizeoko dozenaka ikaslek baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Kazeta|2016/03/18 08:20|0 iruzkin
Loading player...

Goizean goizetik ikasleak mobilizatu dira biltzarrak, tailerrak eta protestak burutuz. Guziak helburu bakar baten alde atera dira karrikara: hezkuntza sistema propio bat Euskal Herriarentzat. Protesta eta grebaren berri ematen ari ziren hamabi pertsona atxilotu dituzte Gasteiz eta Iruñean. Baionan, berriz, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute hamarka lagunek. Izan ere, hilabete guti falta dira terminaleko ikasleek azterketaren ikasgai gehienak frantsesez pasatzeko.

Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian mobilizazioak antolatu ditu Ikasle Abertzaleak mugimenduak. Gasteizko liskarretaz gain, Nafarroako hiriburuan ere manifestazioa bukatu ondoren poliziak pilotak jaurti ditu. Zortzi lagun atxilotu dituzte.

Ipar Euskal Herriko ikasleek hitzordua 12.40etan finkatua zuten Baionako herriko etxearen aitzinean. Bertara hurbildu diren gazteak "Ikasketak euskaraz, baxoa ere euskaraz" eta "Euskara erabili eta defendatu, baxoa euskaraz" leloak islatzen zituzten pankartak erakutsi dituzte.

Gaur egun, matematika eta historia-geografia azterketak soilik pasatzen dituzten euskaraz. Ikasleak, eta baita lizeoko administrazioa ere, ikasgai gehiago lortzeko mobilizatu dira.

Ikasketak euskaraz

Baxoak eragiten dituen oztopoak nabarmentzeaz gain, ikasle mugimenduak Etxepare lizeotik ateratzean euskaraz ikasteko zailtasunak azpimarratu ditu. "Unibertsitatean euskaraz ikasteko Euskal Herriko Unibertsitatera joatera behartzen gaituzte, bidean hamaika traba jarriz. Frantses Estatuak okupatutako lurretan ere ikasleok garrantzia izugarria dugu, gure herriaren desagerpena eragiteko saiakerei buelta eman eta langile zein laborarion mesedera, gure hizkuntza zein kulturaren hedapenaren alde egingo duen hezkuntza eredua eraikitzeko". Honen aitzinean, ikasketak euskaraz burutzeko beharra nabarmendu dute.

Beren iritziz, "herritik eta herriaren mesedera dagoenak, euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista" izan beharko luke. "Argi dugu ez dagoela horrelako proiektu bat bi Estatuen zein Europar batasunaren legalitatearen barnean eraikitzeko inolako aukerarik", erantsi du.