Argitxu DUFAU

Lorentxa Guimonen askatasuna: soleimenduaren ispilua

Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna eskaini dio Crohn eritasuna pairatzen duen Lorentxa Guimoni. Eragile politiko, sindikatu eta elkarte anitzentzat albisteak soleimendua irudikatu du. Haatik, ez dute ahazten lanean segitu behar dutela.

Lorentxa Guimon 2003tik preso dago, datozen egunetan askatuko dute. ©Isabelle Miquelestorena
Lorentxa Guimon 2003tik preso dago, datozen egunetan askatuko dute. ©Isabelle Miquelestorena

Otsailaren 25eko eguerdian albistea Angelun antolatutako elkarretaratze iraunkorrera ailegatu zen: "Lorentxa aske geldituko da". Prokuradoreak epaileen erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu ondoren baldintzapeko askatasuna onartu zioten Lorentxa Guimoni. Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra 2003tik preso dago eta bere eritasunak azken hilabeteetan okerrera jo du. Ildo horretatik, eragile politiko, sindikatu eta elkarteek albistearen aitzinean sentimendu berdina partekatu dute: soleimendua.

Lorentxa Guimonen askatasunerako engaiatu den Sylviane Alaux diputatu sozialistak ez zuen bere poztasuna gorde. "Kontent naiz berarentzat eta bere familiarentzat; ni ere ama naiz. Plano politikoan benetako bake prozesua martxan jarri behar dela aldarrikatzen dugunok gero eta gehiago gara", aipatu du. Bere iritziz, nahiz eta batzuetan aitzinamenduak nabarmentzea zaila den, "argiki pausu bat eman da".

Aurrerapen horrekin bat dator alderdi sozialistako kidea eta parlamentaria den Frédérique Espagnac. "Gauzak garatzen" direla ohartarazi du eta ildo horretatik Segurako prozeduraren baitan jujatu zituzten 35 militanteei buruzko deliberoa azpimarratu du. "Gauzak isiltasunean egiten dira, baina ez gara geldirik egoten", esplikatu du.

Colette Capdevielle diputatu sozialistaren iritziz erabakiak "garrantzia handia du euskal presoen gaiarentzat baina baita bake prozesuarentzat ere". Alice Leiçiagueçahar Europa Ekologia Berdeak alderdiko eskualdeko kontseilariari bake prozesuarentzat aldeko pausu bat denez galdegitean, "sinesgaitza" dagoela aitortu du. Halaber, euskal presoek edo euskaldunak ez diren hainbat pertsonek kartzeletan segitzen dutela oroitarazi du.

Beste presoak gogoan

Gaixorik dauden euskal preso horiek ere gogoratu ditu Bake Bideako bozeramailea den Anaiz Funosasek. Hasitako bidea segitu behar dela nabarmendu du: "lanean segitu behar da bakea eta euskal preso eta iheslari guzien itzultzea lortu arte".

Sindikatuen aldetik ere alaitasuna agertu da. Agiri baten bidez CFDT sindikatuak "Estatu frantsesa eta Ministerio publikoa Estatu espainiarraren jarreratik urruntzea" desiratzen du. Halaber, LABeko kidea den Eñaut Aramendik Lorentxa Guimonen kasuan mobilizazioak izan duen garrantzia azpimarratu du. "Sindikatuek beren indarrak batzen segitu behar dute euskal preso guzien askatasuna lortzeko eta egoera mugiarazteko", azaldu du.