Kazeta

2016ko Danborradan Donostia eta Europako banderak ondoan

Aurtengoan, Danborradak Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren ekitaldien hasiera emanen dio.

Gauari erritmoa ez zaio faltatu. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Gauari erritmoa ez zaio faltatu. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Urtero bezala Donostian, urtarrilaren 19ko gauerdian Gaztelubide elkarteak Danborradari hasiera emanen dio. Hortik aitzina, hogeita lau orduz, milaka donostiar karrikaz karrika danborrak jotzen ariko dira. Haientzat San Sebastian eguneko besta garrantzia handikoa izanki, denda, bulego eta eskolak zerraturik izanen dira.

Urte honetako edizioaren berezitasun handiena Danborrada herrikoiak Donostia 2016 Europako kultura hiriburuaren hasiera iragartzeko ere balio izanen duela da. Kari horretara, urtarrilaren 19an, gauerditan, euskal ikurrina, Donostiako bandera eta europear bandera batera altxatuko dituzte.

Donostia 2016ren hasiera ofizialaren egunera arte, hots, urtarrilaren 24era arte, 70 kultura ekitaldi baino gehiagok Donostiako hiria animatuko dute. Horien artean, erakusketak, zinema, antzerkia, tailerrak eta kalejirak aurreikusiak dira.

Haurren danborrada Wroclaw-n eta Donostian

Urtarrilaren 20ean, Poloniako Wroclaw herriko 4 000 haurrek danborrak joko dituzte Donostiakoekin batera. Milaka kilometrok banaturik baina denboran elkarturik, San Sebastian martxa ere euskaraz kantatuko dute. Donostian, Herriko Etxe aitzinean ezarriko dituzten pantaila erraldoietan agertuko dira Poloniako irudiak.