Bénédicte SAINT-ANDRÉ

Ipar Euskal Herriko lehen eskalada etxeak ateak ideki ditu

Urtarrilaren 16an, ipar Euskal Herriko eskalada etxeak ateak ideki ditu Baionan. Maila guzietan aritzeko parada eskaintzen duen lehen sala pribatua da hemen. Jateko xoko bat proposatzeaz gain, etorkizunean, kulturara bideratutako ekimenak antolatu nahiko lituzkete proiektuaren bultzatzaileek.

Eskalada etxean parte hartzeko 11,90 euro pagatu beharko da. ©Bob EDME
Eskalada etxean parte hartzeko 11,90 euro pagatu beharko da. ©Bob EDME

Hiru eskalatzailek beren ametsa bete dute. Ipar Euskal Herriko eskalada etxearen proiektua La Rochellen iragan zen topaketa batean abiatu zen. Xedearen sustatzaileek, Benoit eta Mélaniek, beti nahi izan zutena irudikatzen zuen sala bat ezagutu zuten han. Hortik goiti, abentura hasi zen.

Ingeniariak diren hiru kudeatzaileek eskalada etxea sortzeko prozesua oso fite joan dela aitortu dute. Enpresaburu berriei eskaintzen zaizkien laguntzak jaso dituzte eta horiei esker proiektua finantzatu dute. Herrikoa akziodunen elkarteak ere sostengu ekonomikoa adierazi die. Hiru hilabetez eraikin industriala eskalatzeko paretaz bete da.

"Grenobletik, Fontainebleautik eta Asturiasetik etorri dira adituak beren gaitasun teknikoekin. Egoitzaren paretan muntatu dituzte", azaldu du Marine Papak, hiru kudeatzaileetariko batek. Salak eskaladan aritzeko maila guziak proposatzen ditu. Ariketak blokean egiten dira eta tapiza batek erorketak babesten ditu. "Bi kautxuzko belaki tonaz egina da", zehaztu du Papak.

Etorkizuneko erronkak

Sala eskalada eta mendi federazioko txapelketak antolatzeko gunea izan daiteke. Klubek bertan aritzeko aukera paregabea dute eta sorrerarekin biziki pozik agertu dira; batez ere bertan atzematen den ekipamenduarekin.

"Kulturaren inguruko ekimenak antolatu nahiko genituzke: erakusketak eta filmak, besteak beste", aipatu du kudeatzaileak. Helburua norbanakoa ongi sentitzea da. Eskaladan aritzeko espazioaz gain, ostalaritza xoko bat ere proposatu dute. Zerbitzu horrek "osasuntsuak eta tokikoak" diren elikagaiak eskainiko ditu.

Ate idekitzea urtarrilaren 16an iragan zen. Hain zuzen ere, 10.00etatik 20.00etara etorri ahal izan zuten interesatuek. Urtean zehar, egunero idekiko dute eskalada etxea, 10.00etatik 22.00etara eta asteburuetan 20.00ak arte. Sartzeko 11,90 euro pagatu beharko da.