Iurre BIDEGAIN

Euskal Trails lasterketa berriak maila guziak asetzeko

Euskal Raid elkarteak Baigorriko ibarreko lasterketen 19. edizioa antolatuko du maiatzaren 6 eta 7an. Publiko zabalago bati ailegatzeko xedez, hiru proba berri antolatuko ditu. Euskal Trail lasterketarentzat urtarrilaren 9an idekiko dituzte izen emateak.

Lehen aldiz, neskei zuzendutako lasterketa bat antolatuko dute. ©Euskal Raid elkartea
Lehen aldiz, neskei zuzendutako lasterketa bat antolatuko dute. ©Euskal Raid elkartea

Euskal Trails lasterketak ekimen garrantzitsua bilakatu dira kirolari askorentzat. Iragan urtean 2.000 pertsonek parte hartu zuten hiru lehiaketetan. Aurten, Euskal Raid elkarteak hiru lasterketa berri proposatuko ditu: Neska Trail, Iluna Trail eta Ttiki Trail. Aurreko urtean 500 pertsona inguru txapelketan izena ezin emanez gelditu ziren eta hiru berriekin eskaintza zabaltzeko xedea dute.

Euskal Raid elkarteko lehendakariordea den Pantxika Larramendik urtero Estatu frantses eta espainiarretik etorritako kirolariek parte hartzen dutela azaldu du. Hain zuzen ere, 18. edizioan 1969 lasterkarietatik %6a Garazi-Baigorritik etorritakoak ziren eta %44a Pirinio Atlantikoetatik.

"Urrundik etortzen dira. Iragan urtean 70 departamendutatik hurbildu ziren. Estatu espainiarretik katalanak eta andaluziarrak zeuden, besteak beste", aipatu du. Lehendakariordeak esplikatu duenez, tokiak erakartzeaz gain, antolakuntza eta harrerak ere parte hartzeko motibatzen ditu.

Maila guzientzat

Iragan den ediziorako antolatzaileek lasterketen izen emateak egun bakarrean antolatu zituzten. "Arazo asko izan ziren webgunean; blokeatua gelditu zen. Hogeita hiru minututan 1.000 bizkarreko saldu genituen; 500 pertsona gabe gelditu ziren", azaldu du Larramendik.

Arazoak berriz ez errepikatzeko, aurten izen emateak hiru asteburutan banatzea erabaki dute. Hain zuzen ere, urtarrilaren 9an Ultra Trail lasterketarako izen ematea irekiko dute 13.00etan. Urtarrilaren 13an Euskal Trail probarako eta azkenik, urtarrilaren 16an beste ekimenentzat.

"Espero dugu Ultra Trailen parte hartzen zutenek aurten beste probetan parte hartuko dutela", erran du lehendakariordeak. Beste proba horien artean, lehen aldiz Neska Trail prestatuko dute. Neskek parte hartzeko eskaera egiten zieten elkarteko kideei, baita sare sozialen bidez ere. "Orain arteko ibilbideak gogorregiak iruditzen zitzaizkien neska askori. Maila guziak asetu nahi ditugu", gehitu du.

Euskal Trails lasterketa mota guziak burutzeko, elkarteak 350 boluntarioen laguntza jasotzen du. "Erdia osasun arloko langileak dira: medikuak, erizainak, suhiltzaileak... Laguntza guziak eskertzekoak dira", nabarmendu du lehendakariordeak.