Iurre BIDEGAIN

Aldiz aldizkariaren hirugarren zenbakia argitaratu dute

Aldiz aldizkari artistikoak bere ibilbidea 2012an hasi zuen. Urte batzuk itzalean lan egin ondoren, egileek hirugarren zenbakia argitaratu berri dute. Edizio berrian, Euskal Herriko gaia oinarritzat hartuz bertan atzematen diren klixeetaz hausnartu dute, besteak beste.

Aldiz argitalpen berria kiosko eta liburutegietan eros daiteke. ©Bob EDME
Aldiz argitalpen berria kiosko eta liburutegietan eros daiteke. ©Bob EDME

"Elgarrekin lan eginez plazera hartzea eta deus debekatzea norberaren buruari". Hori da Aldiz aldizkariko egileen arau bakarra. Ildo horretatik, 2012an ibilbidea hasi zutenean aldizkari bat bezala aurkeztu zuten arren, tarte honetan mugak kendu dizkiote epeari. Urte hauetan itzalean lan egin dutela aitortu du Rémie Rivière egileak eta horren emaitza islatu dute argitaratu berri duten hirugarren zenbakian.

Aldizen lehen alea 2012an aurkeztu zuten Durangoko azokan. Euskaraz, frantsesez eta gazteleraz argitaratzen duen argitalpenak ikuspegi kulturalak eta kazetaritzakoak nahastea du helburu, beti ere Euskal Herriko idazluma baten ikuspegitik. Aldizkarian mota guzietako testuak argitaratzen dituzte, irudiari garrantzia berezia emanez.

"Urte hauetan epeak malguak bilakatu dira. Hasieran sei hilabetero argitaratuko genuela pentsatzen genuen, ondotik urtero... Hirugarrena berant dator baina kontzeptuak berdinak dira.", gehitu du Rivièrek. Hain zuzen ere, Aldizen parte hartzen dutenek "mugarik ez ezartzea" dute helburu.

"Gehienek arlo honetan lan egiten dugu eta giro horretatik kanpo atera nahi dugu, kodeak hautsi eta plazera hartzeko", aipatu du. Halaber, "askatasun osoa" ukanez normalean egiten denetik haratago joan nahi dutela esplikatu du.

Bidaiak eta estereotipoak

Hirugarren zenbaki honetan "stéreostrip" kontzeptua gaineratu dutela azaldu du parte hartzaileak. Alde batetik, "strip" ideiak erreferentzia egiten die komikiei. Bestalde, "trip" hitzak bidaiaren kontzeptua aipatzen du. Hain zuzen ere, aldizkari berrian Chériff Sy pertsonaiaren potreta islatu dute, Burkina Fasoren erreformatzailea izan zena.

Gainera, garrantzia handia eman diete Euskal Herriko "estereotipoei": "Nor da euskalduna eta nor ez? Zeintzuk dira Hegoaldekoak eta zeintzuk Iparraldekoak?". Horrez gain, azken argitalpenean José Antonio Sistiaga eta Dominique Noguezen marrazkiak eskaini dituzte.

Aldizkari eta "book" (liburua) gisa aurkeztua den ekoizpena kioskoetan aurkitzen ahal da, baita liburutegietan ere.