Iurre BIDEGAIN

Biharko Lurraren Elkarteak laborantza biologikoaren bidea irekitzen die nekazariei

Azaroaren 1etik 18ra, Biharko Lurraren Elkarteak laborantza biologikoaren onurak transmititu nahi dizkie nekazariei. Horretarako, hiru ekimen antolatuko dituzte laborarien zalantzak argitzeko, bizipenak trukatzeko eta gaur egun abiatuak diren desmartxak islatzeko.

Donibane Garaziko AMAPek astero antolatzen duen hitzordua. ©Kazeta
Donibane Garaziko AMAPek astero antolatzen duen hitzordua. ©Kazeta

Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) laborantza biologikoaren alde jotzen du. Horretarako, sentsibilizazio kanpainak burutzeaz gain, jakinduria eta esperimentazioa garatzeko xedea du. Ildo horretatik, nekazariek laborantza ekologikoaren inguruan izaten ahal dituzten zalantzak argitu nahi ditu. Nola sendatzen ahal dira animalien eritasunak produktu biologikoekin? Non erosi daiteke janari biologikoa? Horrelako galderen erantzunak azalduko dituzte azaroan eta abenduan antolatutako ekimenetan.

Laborariek beren bizipenak trukatzeko parada izateaz gain, interesatuek zuzenean laborantza biologikoan murgilduta diren proiektuetara hurbiltzen ahalko dira. Elkarteak hiru ekimen antolatuko ditu.

Alde batetik, Donibane Garaziko AMAPek (Laborantza atxikitzearen aldeko elkartea) bere funtzionamendua azaldu zuen azaroaren 5ean. Bestalde, interesatuek Landetan atzematen den Cuma Adour Proteoil kolektiboa bisitatuko dute azaroaren 26an. Honek turto eta olioaren erlezaintzaz arduratzen da, era biologikoan.

Azkenik, abenduaren 8an Panpi eta Leire Olaizolak Ezpeletan duten etxaldea bisitaraziko dute. Ekimen honen helburua laborantzan atzematen ahal den aniztasuna islatzea da. Hain zuzen ere, etxalde horretan hainbat tailer daude: ardikundearen haragia, Ezpeletako piperra, Itsasuko mahatsak eta apikultura.

Belaunaldi berriak

BLErentzat oso garrantzitsua da laborantza biologikoaren printzipioak azaltzea belaunaldi gazteei. Ildo horretatik, Ipar Euskal Herriko sei laborantza ikastetxeek hogei bat etxalde bisitatuko dituzte; orotara 200 bat ikasle. Gazteek laborantza biologikoaren teknikak hurbiletik ezagutu eta laborariekin zuzenean eztabaidatzeko parada izanen dute.

Elkarteak Euskal Herriko Laborantza Ganbararen hilabeteko mintzaldiak laborantza ekologikoaren inguruan hausnartuko duela azaldu du.