Iurre BIDEGAIN

Bertrand urriaren 4an ospatuko den Lapurtarren Biltzarrera itzuliko da

Nortasuna aldarrikatzeko eta eskualde guzien harremanak sendotzeko helburua duen Lapurtarren Biltzarra ospatuko da urriaren 4an Uztaritzen. Urte batez desagertu ondoren, "lapurtarrak iraultzara" deitu zituen Bertrand Lapurdikoa berriz agertuko da.

Aurten eszenatokirik ez da egonen Lapurtarren Biltzarrean.
Aurten eszenatokirik ez da egonen Lapurtarren Biltzarrean.

Heldu den urriaren 4an Ustaritze, urtero bezala, lapurtar guzien bilgunea bilakatuko da. Eskualde guzietako herritarrek, antolatuko den Lapurtarren Biltzarrean parte hartuko dute. Horien artean, iragan den urtean oihartzun handia izan zuen Bertrand Lapurdikoaren pertsonaia berriz agertuko da. Urte honetan zer egin duen azaltzeaz gain, gaur egungo biziari nola egokitu den esplikatuko du.

"Lapurtarren Biltzarraren helburua, lapurtar guzien aldarrikapenak entzunaraztea da", aipatu du antolatzailea den Patxi Betachetek. Duela 35 bat urte ospatzen den ekimenak, aurten ere "humorean oinarrituz" ekimenak antolatuko ditu, eskualde ezberdinen harremanak sendotzeko.

Iragan den urtean, Bertrand Lapurdikoaren pertsonaia historikoak, nortasuna aldarrikatuz Lapurdik historian izan duen tokia erakutsi zuen. Urte honetan, sinbolo bilakatu zen pertsonaia itzalean gelditu da, baina Betachetek esplikatu duenez, urriaren 4an berriz agertuko da adierazpenak emateko.

"Bertranden ikusmoldea aldatu da. Ez dakigu nola usaiatu den gaur egungo bizitzari, baina berak dena esplikatuko digu", gehitu du. Hain zuzen ere, biltzarra 11.00etan antolatuko den karroza desfilearekin hasiko da eta bertan pertsonaia azalduko da.

"Denen plazerrarentzat"

Egunean zehar Maddalen Arzallus eta Odei Barrosok eskainitako bertsoetaz gain, kontzertuak, jokoak eta dantza ikusgarriak prestatuko dira. "Ez da eszenatokirik izanen. Giro berezia sortu nahi dugu, horregatik jendea toki ezberdinetara mugitu beharko da", kontatu du antolatzaileak.

Halaber, Uztaritzeko ikastolak tokiko produktuekin bazkari bat eskaini ondoren, 15.00etan Oreka konpainiak ttipienentzat zirko ikastaroa eta animazioak prestatuko ditu.

Gauean, 18.00etatik aitzina Cunbian Bero, Rockalean eta Frikun taldeen kontzertuak entzuteko parada emanen dute. "Musika talde biziak ekarri nahi izan ditugu. Lapurtarren Biltzarrak denen plazer egiteko da", aipatu du Patxi Betachetek.