Iurre BIDEGAIN

Presoen aldeko mendi martxa eginen dute urriaren 3an Baiguran

Aitzina Suhalmendi eta Itsasuko Aitzina goxoan taldeek "egutegi politikoan euskal presoen aldeko dinamika" indartuko duen mendi martxa antolatuko dute urriaren 3an Baiguran. Ekimenaren ondotik, gaualdi bat prestatuko dute Luhusoko gaztetxean.

Aitzina Suhalmendi eta Itsasuko Aitzina goxoan taldeek Mendi Martxa antolatu dute. ©Isabelle Miquestorena
Aitzina Suhalmendi eta Itsasuko Aitzina goxoan taldeek Mendi Martxa antolatu dute. ©Isabelle Miquestorena

Aurten, lehen aldiz, Aitzina Suhalmendi (Senpere, Sara eta Azkaine) eta Itsasuko Aitzina goxoan taldeak elkarlanean aritu dira euskal presoen aldeko dinamikari oihartzun handiagoa emateko. Mugimenduko kidea den Mailys Gracyk gai horren inguruan herriko taldeak antolatzea erabaki dutela azaldu du, batez ere, "problematikari indar gehiago emateko eta herriak dinamizatzeko".

Mendi martxa goizeko 09.00etan abiatuko da Baiguratik eta parte hartzaileak mendi puntaraino joanen dira. Gracyk esplikatu duenez, helmugan harri bat pausatuko dute. Bertan, Aitzina hedatzen ari den mezua islatuko da: "Free all basque prisoners. Presoak Etxerat".

Oroitu behar da mugimenduak aldarrikapen hori eramaten dituzten kamisetak sortu dituela. Mailys Gracyren kondatzen duenez, kamiseta horiekin presoen aldeko elgarretaratzeetara doaz, "dinamika eta, batez ere, Aitzinaren presentzia indartzeko". Antolatzaileek kamiseta horiek mendi martxan eramateko deia luzatu dute. Ekimena baino lehen eskuratzen ahalko dira.

Gaualdia Luhuson

Halaber, mendi puntan hitz hartze batek gaur egungo aldarrikapenak esplikatuko ditu. "Euskal Herria bake prozesuan murgilduta dagoela azalduko dugu. Gainera, Baigorri eta Ziburuko atxiloketak salatuko ditugu. Mezuan, Estatu frantsesa eta espainiarrak konponbidean ez dutela lan egiten gaineratuko dugu", aipatu du gazteak.

Mendi martxa bukatu ondoren, 18.00etatik aitzina, Luhusoko gaztetxean gaualdi bat antolatuko dute. Goliath taldeak kontzertu bat eskainiko du.