Ariane KAMIO
Elkarrizketa
ASIER ALTUNA
"AMAMA" FILMAREN ZUZENDARIA

"Zineman begirada oso garrantzitsua da"

Asier Altunaren "Amama" filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zen irailaren 20ean. Atmosferak eta oroitzapenak erabiltzen dituen ekoizpenak, baserriko munduan kokatuz belaunaldien arteko lotura islatzen du.

Altunak Oxanguren baserrian bizitakoak erabili ditu "Amama" filma sortzeko.
Altunak Oxanguren baserrian bizitakoak erabili ditu "Amama" filma sortzeko.

Maiorazkoa egiten zen garai batean baserriaren arduradun, oinordeko automatiko. Baina formulak huts egin dio Tomasi (Kandido Uranga). Baserriko munduaren eta inguru urbanoaren artean dagoen belaunaldien talka bizitzea egokitu zaio. Gaizka (Manu Uranga) seme zaharrena atzerrira doa; Xabik (Ander Lipus) kalean du bizimodua eta familia, eta Amaia (Iraia Elias) belaunaldi arteko borrokaren arima izango da. Tartean, amama (Amparo Badiola). Isilik dago, baina ez mutu.

Zergatik «Amama»?

Ja etxean baneuzkan amona bat eta amama bat, aitona bat eta aitita bat. Baina “Amama” titulua ipintzeko erabakia gehienbat hitzaren sonoritateagatik izan zen. «Amama» oso hitz borobila da eta amama amaren ama da; transmisioaren ideia jada badago izenburuan.

Eta Oxanguren etxetik zenbat dauka, baldin badauka?

Baserri giroan dago kokatuta pelikula; urte askoan baserrian bizi izan naiz eta baditut oroitzapen asko. Atmosfera hori guztia oso gertukoa da, nire mundua izan da. Baina pelikulak ez dauka ezer nire bizitzatik, ez da benetako gertakizun bat. Hor daude atmosferak, txikitako garaiko oroitzapenak, amamaren presentzia... Askotan gogoratzen dut nire amona sukaldean, hantxe, isilik.

Orokorrean baserriko mundua eta kalekoa, horren arteko talka islatzen duzu, baita belaunaldien artekoa ere.

Uste dut islatu nahi nuela momentu konkretu bat, non gertatzen ari baiten unibertso baten bukaera eta beste berri baten sorrera. Hori ere oso ezaguna egiten zaidan zerbait da, zeren bai ni eta bai nire anaiak eta auzoko gehienak baserritik abiatu gara hirira edo herrira, galdu gabe baserriko kontaktua. Testigu oso zuzena izan naiz aldaketa horrena eta logikoa da nik pelikula hau egitea.

Hizkuntza berezi bati edo izateko era konkretu bati ere ematen diozu lekua. Barkamena eskatzeko era desberdin bati, eskerrak emateko era desberdin bati, hitz gutxi erabiltzeko jokabideari.

Beti hitz egin izan dugu familian gure gurasoez, aiton-amonez... nolakoak diren. Guraso bezala beti gabiltza seme-alabekin hitz egiten, aholkuak ematen, «maite zaitut» esaten. Guk ez dugu bizi izan hori, baina horrek ez du esan nahi txarra denik. Izateko era bat da eta uste dut aita horri ere lekua ematen diodala. Ematen du ez dutela sentimendurik, arroka batzuk direla, baina ez da hori ere. Beren erara dena sentitzen dute.

Justu trama hori Kirmen Uriberen poema batetik atera nuen. Irakurri nuenean oso gertuko egin zitzaidan. Nire aita hor islatua sentitu nuen. Ikusten nuen hori zela modu polit bat baserriko historia bat kontatzeko, hor asko konta daitekeelako. Izateko era baten muina, aita baten isiltasun horretan, asko dago.

«Gure eskuek ez dute batere antzik», esaten du une batean aitak semearen eskuak eta bereak ikusten dituenean.

Egia da. Irudian ikusten da. Kandidoren eskuak eta Anderrenak ez dutela zerikusirik. Aitaren eskua laztuta dago eta semea ordenagailuarekin dantza egiten ari da. Hor ikusten da ze puntutaraino belaunaldi batean nola aldatu den gauza asko.

Etiketak ere erabiltzen dituzu. Apasionatuak, alferrak eta ilunak edo gaiztoak.

Nahi nuen sartu edo kontatu modu sotil batean nola familia tradizional batean eta baserriko familia batean ondorengoen patua erabakitzen duten aurrekoek. Destinoa nola gurasoek finkatzen duten, esan gabe agian, baina sumatzen duzu zarela pertsona bat egin behar duzuna gauza jakin bat.

Horren guztiaren aurrean, amama lekuko isila da, desagertzera doan mundu baten eta kaleko munduaren arteko trantsizioan dagoena.

Uste dut amamaren pertsonaia oso interpretazio zabalekoa dela. Hori asko gustatzen zait. Gauza asko iradokitzen dira. Era batera edo bestera, badoan horren guztiaren arima edo esentzia da. Pertsonaia hau oso misteriotsua da eta asko lagundu dio Amparo Badiolaren nortasun eta itxurak. Emakume oso elegantea da, begirada berezi batekin. Hasieratik hala planteatu nuen amamaren pertsonaia. Bada momentu bat, hitz egin gabe semeari aurre egiten diona, eta hori zinemagile batentzat oso gauza ederra da, ikustea halako pertsonaia batek funtzionatzen duela. Niretzat zinemaren esentzia hor dago, ez hitzetan baizik eta irudietan, itxuran eta begiradan batez ere, eta amama honek dena laburbiltzen du. Zinema hortxe dago.

Uste dut, gainera, kalean ezagutu edo topatu zenuela Amparo Badiola.

Bai. Uztaileko grabazioak baino bi hilabete lehenago. Hasi nintzen castingak eta begiratzen eta jada kezkatzen hasia nengoen; amama bat behar nuen. Ez zen beharrezkoa aktore izatea, oso paper presentziala zelako, baina bai bilatzen ari nintzen oso amama elegante bat. Hori oso argi neukan. Benetan amamaren ideal hori irudikatuko zuena. Etxean nengoen gidoiari buelta bat ematen eta ataskatuta nengoela paseatzera joan nintzen. Bueltan ikusi nuen Amparo gure etxe azpiko kafetegian. Ez neukan intentziorik kaferik hartzeko, baina sartu egin nintzen. Galdetu nion lagun dudan zerbitzariari ea ezagutzen zuen emakumea, eta ezetz. Etxera joan nintzen eta dutxan nengoela pentsatu nuen berriro jaitsi behar nuela eta zerbait esan behar niola. Bere irudia benetan zen inpaktantea. Zutitzen ari ziren justu ni iritsi nintzenean. Komentatu nion pelikula bat egitekotan nintzela eta proposatu nion kameraren aurrean proba bat egitea. Izugarri ondo egin zuen proba. Zineman begirada oso garrantzitsua da. Denok ez gara gai ondo begiratzeko. Eta Amparok oso ondo egin zuen hori.

Kandido Uranga ere benetako semearekin jarri duzu lanean.

Manu aukeratzeko arrazoia izan zen begirada oso potentea duela berak ere, aitaren antz izugarria. Iraia Elias aukeratu nuenetik hasi nintzen bide hori jorratzen, aktore ez oso ezagunak, amama ere esperientzia gabekoa… Familia hori osatu nuen, horra eraman ninduelako Iraiaren aukeraketak.

Klara Badiolaren pertsonaia ez da baserriko emakume peto batena.

Pozten naiz, zeren horrela marraztu genuen. Klararen pertsonaia erdibidean dago, kalearen eta baserriaren artean. Seme-alaben eta aitaren arteko zubia da. Klarak ere aurre egiten dio Kandidori, bizitza osoa ez bere esanetara baina bai paradigma horretan funtzionatzen ibili ondoren. Hortik aurrera gizon hori gizajo bat bihurtzen da, baina buelta ematen dio eta zerbait ederra sortzen da. Uste dut emakumeen pelikula bat ere badela, gizonen mundua bukatzen ari dela ere (autoritatea, biolentzia, isiltasuna, absentziak) esaten da eta datorren mundua sugeritzen dugu (komunikazioa, maitasuna, batasuna). Mundu zakar eta tradizional batetik mundu askoz sentsible baterako bidea.

Irudiak garrantzi handia du.

Egitura aldetik ez da egitura tradizionalekoa, alde horretatik arriskuak hartu nituen. Hasieran, Amaiaren (Iraia Elias) ikuspuntutik kontatzen da pelikula eta egungo baliabideak erabiltzen ditugu; kamara mugimenduak, musika, offeko ahotsa… Dena dago sonoritate askorekin. momentu batean ikuspuntua aldatu egiten da, aitaren ikuspuntura pasatzen gara, eta justu kontrakoa dago. Isiltasuna, kamera mugimendurik apenas, plano luzeagoak, erritmoa ere jaisten da… Hala ere, pelikularen parterik politena da. Hori da zati bat gidoian sekula aldatu ez duguna. Pertsona baten aldaketa irudikatzen da oso modu geldoan, berak ere ezingo zuelako aldatu bat-batean. Prozesu bat bizitzen du aitaren pertsonaiak eta gu laguntzen ari gara.

Desgrazia batek egiten du hasierako hoztasun hori berotzea.

Ematen du amamak nahita egindako hautu bat dela...