Kazeta

Rockschool, musika ikasteko pedagogia ezberdina Baionan

Baionak musika ikasteko eskaintza garatu du irailaren 16an ireki duen Rockschool eskola berriarekin. Musika ikasketa klasikotik urrunduz, bakoitzaren gustuaren arabera instrumentuari zuzenean hurbiltzeko parada eskainiko du.

Baionako 4 Fantastik kolektiboak Herriko Etxearekin batera zentroa bideratuko dute. ©Baionako Herriko Etxea
Baionako 4 Fantastik kolektiboak Herriko Etxearekin batera zentroa bideratuko dute. ©Baionako Herriko Etxea

Irailaren 16an ireki den Rockschool eskola berriak gitarra, bateria, kantua eta teklatua ikasteko klaseak eskainiko ditu. Baionako 4 Fantastik kolektiboak Herriko Etxearekin batera, gaur egungo musikei zuzendua den zentroa bideratuko du. Eskolak pedagogia ezberdina proposatuko du. Hain zuzen ere, norberari instrumentuarekin trebatzeko parada zuzena eskainiko dio.

4 Fantastik kolektiboa lau elkarte ezberdinek osatzen dute: La Souche, le Microscope, l'Oreille attentive eta la Locomotive. Horiek, 2013tik musika hedatzeko funtzioa duen Magnéto gela ireki zuten. 

Gaur egun Magnétok astero kontzertuak eskaintzen ditu eta ekimen musikalak proposatzen dituen guneen artean garrantzia handia du. Gaur egun, proiektuak aurre pausu bat eman du eta osagarri baten beharra asetu du: formakuntza zentro baten sorrera.

Pedagogia ezberdina

Rockschool guneak ikasteko manera ezberdina proposatuko du. Solfeoa alde batera utzita, ikasleak instrumentu batekin trebatuko dira norberaren gustuaren arabera. Musikari profesionalek kurtsoak eskainiko dituzte eta 50 minutuko iraupena izanen dute astero. Halaber, taldeko ikastaroak antolatuko dituzte.

Estatu frantsesean atzematen diren Rockschool zentroekin elkarkidetza bat abiatuko dute eta gisa horretan besteen esperientziei esker garatzeko parada izanen dute. Azpimarratzekoa da, zentroa ireki baino lehen berrogeita hamar pertsonek izena eman dutela.